Sanpedroetako pilota txapelketako lehen jardunaldia jokatu da

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 30a, 13:00

Intza Kirol Elkarteak auten ere haurrei zuzendutako bakarkako San Pedro Jaietako esku pilota txapelketa antolatu du. Hilaren 27an eta 28an lehen jardunaldia jokatu zen Loidibarren pilotalekuan

Hiru maila ezberdinetako (benjamin, alebin eta infantil)  lehiaz gozatuko ahal izan zuten bi egunetan pilotalekura gerturatu ziren zaletuek.

Pilotariek ekainaren 24ra arte multzoetako partidei egingo diete aurre; larunbatetan zein igandeetan izango dira norgehiagokak. San Pedro jaietan, ekainaren 30ean, finalak  jokatuko dira.

Federatuak ere lehian

Bestalde, alebin nesken Gipuzkoako txapelketako azken jardunaldiko partida izan zuen Itxaso Iparragirrek hilaren 25ean, ostegunarekin. 

Ziotzako Arrutiren aurka jokatu zuen herriko pilotari gazteak. Iparragirrek lan ederra egin zuen. Alabaina, banako berdinketarekin amaitu zuten (8-5 eta 5-8). Hori hausteko azken joko bati aurre egin behar izan zioten pilotariek eta detaile txikiek erabaki zuten irabazlea; Ziotzako jokalariak 4-1 garaitu zuen.

Era honetara, herriko pilotariak bere multzoko laugarren amaitu du eta ez du txapelketan aurrera egingo.

Jubenil mailako pilotariek, aldiz, lau eta erdiko txapelketako azken fasea hasiko dute hilaren 3an. Haritza Diaz De Guereñuk lehen fasean bere multzoko bigarren izateagatik final zortzirenei egin beharko die aurre. Peru Urdanpilletak, aldiz, lehenengo sailkatzeagatik atseden izango du eta hilaren 10ko asteburuan final laurdena jokatuko du. Beñat Olazabalek ere azken data horretan hasiko du Ekialdeko txapelketa.