Alderdiak Zumaburun duen lokalean elkarrekin jarraitu dute kontaketa Miguel Angel Tolosa alkategaiak eta David Ares zerrenda kideak. "Kolpea izan da, ez genuen horrenbeste jaistea espero" aitortu du Tolosak eta zergatiak datozen egunetan aztertu beharko dituztela. "Sentsazioa dut legealdian ez dugula ikusgarritasunik izan eta lasarteoriatarrek ez dutela jakin zer egiten dugun. Ez dugu jendearen ilusioa pizten asmatu". Emaitzei begiratuta, alderdia bozkatu ohi dutenak etxean gelditu eta ez dutela bozkatu ondorioztatu du.
2019ko emaitza errepikatu izan balute, PSE-EE eta EAJ arteko "pintza" haustea izango luketela nabarmendu du. "Uste dugu ez dela ona Lasarte-Oriarentzat, egiteke dituzten proiektuak gauzatuko dituzte kosta ala kosta". Zinegotzi bakarrarekin zailagoa izango bada ere, lan egiteko gogoz dago. David Ares kanpoan gelditu da, baina berak ere bigarren lerroan bada ere, herriaren alde lanean jarraituko duela berretsi du.