Emaitzak jakin bezain pronto hitz egin du Esti Garmendiak, emozioei eutsi ezinda ia. Esker hitzak izan ditu taldeko kideentzat eta baita EH Bildu babestu duten herritar guztientzat ere. "Zuekin batera herria egiten jarraituko dugu, ondoan nahi zaituztet guztiok". Segidan, koalizio subiranistaren ordezkari izango diren Uxue Loinaz, Asier Gorostegi, Oihan Agirretxe eta Sandra Barkaiztegik hitz egin dute, hunkituta eta, batez ere, eskertuta. Udalean eragiten hasteko irrikaz daudela nabarmendu dute: bihartik aurrera hasiko dira Lasarte-Oriarentzat aproposenak izan daitezkeen akordioak bilatzen eta aukerak aztertzen.
Ostean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkari izango den Jon Martinek hartu du hitza. Legealdi honetan korporazioko zinegotzi, alderdiak erdietsitako emaitzak goraipatu ditu: "Gure lanaren azterketa izan da gaurkoa". Hunkituta bera ere, aurrean duen erronkari tinko helduko diola adierazi du, eta EH Bilduren lokal aurreko ekitaldian egon izan ezin dutenekin gogoratu da: "Gora gure presoak, etxean behar ditugu".