Lehia eta elkartasuna nagusi, Zabaletako frontoian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 28a, 15:16

Zabaletako I. Pala Txapelketari ekin diote goizean auzoko frontoian. 10:30ean hasita,  izena eman duten bost bikoteek elkarren aurkako partida bana jokatu dute datorren asteburuko finalean nor lehiatuko diren erabakitzeko. Zenbait auzotar bertaratu da partidak ikusteko, eta ingurutik pasatu direnen arreta ere bereganatu dute jokoan ari zirenek tarte batez. Animoak eta txaloak emateaz gain, zalantzazko tanto batzuk harmailetako "epaileek" ebatzi dituzte. Ez da kexa ezta kalapitarik izan, kiroltasun eta adiskidetasun giroan aritu dira jokoan. Finalak datorren larunbatean, ekainak 3, 17:30ean jokatuko dituzte. Eguerdian, bazkari herrikoia egin dute, eta horren ondoren,  Donostiako Infernua auzo okupatuaren alde topa egingo dute,  Infernuko III. Pala Txapelketako finalaurrekoa eta finala jokatzeari ekin aurretik.