Presoen lan eskubideak hizpide izan dituzte maiatzeko Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 21:10

Langileen Nazioarteko Egunarekin hasi zen hilabetea eta data horretan aldarrikatutakoari helduta, espetxe barruko lan baldintzei buruz aritu dira Okendo plazako elkarretaratzean. Aurretik Etxerat eta Sareren idatzi bateratua partekatu dute Elizatzen, salbuespen politikekin bukatzeko beharra berretsi dute. 

Kartzelan lan egitea zer den ezagutzeko, Jabi Gallagaren preso lasarteoriatarrarekin izandako elkarrizketan  egindako gogoetak ekarri dituzte Okendo plazara. Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeko Ander Casadok azaldu duenez, Gallaga eskupilotak josten aritzen da Zaballako espetxean beste kide batekin batera. Presoaren esanetan, "ez da hain lan txarra", badirelako beste batzuk "aspergarriagoak eta okerragoak" direnak; adibidez, plastikozko pieza batzuen bizarrak moztea edo zirkuitu elektrikoak egitea, "ekoizpena exijitzen diete". 

Casadoren hitzetan, lan “hain txarra” ez izateak ez du esan nahi baldintzak onak direnik, aitzitik, oso gaizki ordaindutako lanak dira. “Miseria bat kobratzen dute eta hainbat ordu lan egiten dute”. Gutxi kobratzeaz gainera, zenbait presoren kasuan, erantzukizun zibilengatik diru bat atxikitzen zaie, are gutxiago jasoz. Alde ona, espetxean orduak azkarrago pasatzeko denbora pasa da, kideekin egoteko aukera, eta modulutik ateratzekoa; baina alde iluna ere badu, espetxean egin behar dituzten lan asko ordainsaririk gabeak dira, nahiz eta portaera historialerako kontuan hartu, eta soldatapekoak "ikaragarri prekarizatuak" daude. "Espetxea sistema kapitalistarentzako makinaria perfektua bihurtzen dute". Hortaz, presoen lan eskubideetan arreta jartzea aldarrikatu dute. "Gugandik hasita, haien lan baldintzen borroka ere gurea baita, haien askatasuna bezala", amaitu du Casadok.

Hori Okendo plazan izan da, Elizatzetik abiatu den manifestazioaren amaieran. Hasi aurretik, ordea, Elizatzen Pili Kastresanak Etxerat eta Sareren irakurketa bateratuaren berri eman die bertaratu direnei. Maiatzak eman duenaren errepasoarekin ekin dio: Artzain Onaren aurreko prentsaurrekoa, "presoen eskubideak errespetatuko lituzkeen espetxe jarduna eragozten duen salbuespen politika behingoz bertan behera uzteko deia egin zuen Sarek", eta eskaera bera zabaltzeko hilabetean zehar egin han eta hemen egin dituzten elkarretaratzeak, mosaikoak, muralak, bizikleta martxak, mendi irteerak...

"Baldintzapeko askatasunerako edo erdi askatasunerako eskubidea saria da. Espetxe legediak ez du inola ere ezartzen kondenak azken segundora arte bete behar dituztenik espetxeko harresien barruan. Araubide irekian sartzeko eskubidea dute, gizartera itzultzeko eskubidea, beren bizitzak berregiten hasteko eskubidea dute", aldarrikatu du Kastresanak. Eskaera horren alde kalera ateratzeko "deia eta konpromisoa" mantentzeko hainbat ekintza gauzatzen ari dira herri eta auzoetan. Lasarte-Orian, maiatzeko lehen igandean egitekoak ziren Etxera Eguna –bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi iragarpena oso txarra zelako–,  ekaineko azken ostiralean egingo dute, ekainak 30.