Mendi proba ugaritan lehiatu dira herritarrak azken asteetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 15:00
Altsasuko XIV. Hiru Mendi Zerrak Ibilaldian egon ziren LOTMEko kideak. Arg.: LOTME

Talai-Mendi, Triku Harri edo Zegama Aizkorri mendi lasterketa. Azken bi asteburuetan herritarrak eta herriko taldeetako ordezkariak proba ezberdinetan lehiatu dira, eguraldiari ere aurre egin behar izan diote

Maiatzaren 12n, Zegama Aizkorri kilometro bertikalean parte hartu zuten Iñigo (56.11) eta Enaitz (01.00.01) Ibarburu anaiek. 

Bi egun geroago lehiatu zen proba nagusian, aldiz, Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) Xabier Mujikak eguraldiari aurre eginez 04.50.40 marka egin zuen helmugan.  

Hilaren 13an, Altsasuko XIV. Hiru Mendi Zerrak Ibilaldian LOTMEko hainbat kide izan ziren. 46 kilometro eta 2700+ metroko proba amaitu zuten Santi Tranche, Marc Bages eta Erik Martinena; ibilbide motzean (26km 1200+) Joseba Iparragirre eta Julio izan ziren.

Maiatzaren 20an, bi probatan izan ziren herriko ordezkariak.

Orioko III. Talai-Mendi Trail-en, Iñaki Urchueguia (01.37.43) eta Unai Iribar (01.42.19) herritarrak zein Alberto Roman (01.19.58) eta Xabier Aizpurua (01.21.43) LOTMEko kideek 14 kilometro eta 1.200 metroko desnibela duen ibilbideari egin zioten aurre.

Villabonan ere II. Triku Harri lasterketako proba ertainean (20 km) eta luzean (30 km) lasarteoriatarrak izan ziren lehian. 20 kilometrokoan David Garcia (01.55.45) eta Julen Ormazabal (02.12.47);  Ivan Granadok (02.56.40), Iurgi Los Arcosek (03.33.08) eta Aitor Elizagaratek (04.42.08) 30 kilometroko bidea egin zuten helmugaraino.