Inkestetan parte hartu duten hamar irakurletik lauk uste dute PSE-EEk zazpi eserleku erdietsiko dituela igandeko bozetan; duela lau urte baino bat gutxiago. Bada are emaitza kaskarragoak izango dituztela uste duenik, baina hobeak ere bai, bederatzi zinegotzi asko jota. Hori gertatuz gero, sozialistek gehiengo absolutua izango lukete korporazioan.
Duela lau urte bezalatsu, EH Bildu izango litzateke oposizioko lehen indarra, 2019an baino eragiteko gaitasun gehiagorekin, ordezkari bat gehiago izango lukeelako korporazioan. Bozka eman duten irakurleen erdiek uste dute hori. Emaitzei erreparatuta, partaideek probableago ikusten dute sei zinegotzira iristea lau mantentzea baino. Oso ezkorrak eta oso baikorrak ere badaude, txuri ala beltz izango dela uste dutenak: ordezkaritzarik ez, edo hamar zinegotzi.
2019ko hauteskundeetan irabazitako hirugarren zinegotzia mantenduko luke EAJk, irakurleen ia %70aren ustez. Emaitza desberdina izatekotan, aukera gehiago izango lituzke bat irabazteko, galtzeko baino.
Aukera bozkatuena hau izan da (irakurleen %64,71): Elkarrekin Podemosek ez du bigarren zinegotzia mantenduko. Eta bigarrena (%23,53): Elkarrekin Podemosek bi eserleku aterako ditu etzi. Bada ordezkaritzarik gabe geratuko dela edota hirugarren aulkia erdietsiko duela uste duenik ere.
PP ordezkaritzarik gabe geratuko litzateke, duela lau urte bezala. Edonola ere, irakurleek ez dute baztertu zinegotzi bat edo bi lortzeko aukera.