Zabaleta auzora iristear da Teresa Sorgiña

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 10:00

Zabaleta Auzolan elkarteko kideek aurtengo auzoko jaietako egitaraua ezagutarazi dute. Adin eta gustu guztien neurrira egin dute programazio hori, eta tartean iragarri dituzte berrikuntza batzuk. Hilaren 30ean hasiko dira festak, eta ekainaren 4an amaitu 

Badatoz urte sasoi honetan herrian tokatzen diren Zabaletako auzo jaiak, eta bertako auzo elkarteko lagunek prestatu dituzte horiek, mimo eta ilusioz, urtero lez. Auzoan bizi direnek ez ezik, lasarteoriatar guztiek goza ditzaten egin dute aurtengo plangintza ere. Duela ia hiru hilabete hasi zituzten antolaketa eta prestaketa lanak, martxoaren 6an zehatz-mehatz, eta lanketa horrek eman du bere fruitua. Adin guztientzako egitarau erakargarria ondu dute. Kolore more eta horiz atondutako eskuorri batean jaso dituzte jarduera guztiak, eta bertan iragarri dute zein egunetan hasi eta amaituko diren festak: hilaren 30etik ekainaren 4ra.

Programatutako ekimen guztien artean, izango dira herritarrei ezagunak egingo zaizkien jarduera bat baino gehiago: bertsolarien emanaldia, erromeria eta proba misto nagusia, esate baterako. Baina badira zenbait berrikuntza ere.  Horien artean, aipatzekoak astean zeharreko haurrentzako jolasak eta zezensuzkoa. Horietan parte hartuko duten askok ziur ibili direla aurreko urteetan bonba japoniarrak lehertu ostean bertatik aireratutako ahalik eta goxoki gehien harrapatzeko ahaleginetan. Aurten bonba japoniarrik ez, baina horien ordez, Goxorraketak izango direla azaldu dute antolatzaileek.

Omenaldi bat tarteko
Ekainaren 2an, ostiralarekin jaitsiko da Teresa sorgina Zabaleta auzora, eta ohi bezala, jaietako pregoia irakurriko dute antolatzaileek. Izango du, ordea, ezberdintasunik aurtengo jarduera horrek, izan ere, Alejandro Romo omenduko dute; Zabaletako auzotarra zen Romo, eta berak egin zituen Teresa Sorgiña eta auzoko buruhandiak.  

Pregoia eta gero etorriko dira  egun horretarako bestelako hainbat ekintza, besteak beste, dantza erakustaldiak, eta gaueko musika emanaldiak. 
Larunbatean ere izango da zerekin gozatu. Goizeko dianarekin ekingo diote egunari auzoan, eta bazkal aurretik, bermut musikatua iragarri dute. Arratsaldean, berriz, pala txapelketa izango da, eta iluntzean, bertso saioa eta herri afaria gero. Gauerdia baino lehen, irtengo da lehen aldiz zezensuzkoa, eta kontzertuekin luzatu ahal izango dute festazaleek goizaldera arte gaua.

Igandean, berriz, patata tortilla lehiaketa egingo dute, eta herri kirolak ere bai. Proba misto famatuak hartuko du gero auzoa, eta indarrak berreskuratzeko herri bazkaria izango da, Oaintxe in deu txarangak girotua. Andoni Ollokiegi bakarlariaren txanda izango da gero; bera arduratuko da arratsaldea girotzeaz. Eta, aurtengoarekin amaitzeko, azken traka jaurti eta Teresa Sorgiña agurtuko dute. 

Honako hau da iragarri duten egitaraua:

Hilak 30, asteartea

  • 18:00etatatik 20:00etara, haurren jolasak talentu bila (Got talent) + serigrafia.
  • 20:00etan, Gas-gas, goxorraketak,  buruhandiak eta akelarre entsegua. 

Hilak 31, asteazkena

  • 18:00etan, antzerkia Kukukaren eskutik.
  • 18:30etik 20:00etara, haurren jolasak
    eskulanak.
    20:00etan,
    Gas-gas, goxorraketak,  buruhandiak eta akelarre entsegua.

Ekainak 1, osteguna 

  • 18:00etatik 20:00etara, haurren jolasak eta
    apar festa.
  • 18:30etik 20:00etara, pintxo-potea.
    19:00etan, batukada Dinbi Bandaren eskutik.
    20:00etan, Gas-gas, goxorraketak,  buruhandiak eta akelarre entsegua.

Ekainak 2, ostirala

  • 18:00etan, txokolatada.
    18:45ean, kalejira Teresa Sorgiñarekin
    Basotxo plazatik abiatuta.
  • 19:00etan, Teresa Sorgiñari ongietorria
    Zabaleta frontoian:
    • jaietako pregoia,
    • Jalguneren dantza erakustaldia 
    • Sorgin Dantza herrikoia. 
  • 19:30ean,  Gas-gas, goxorraketak eta buruhandiak
  • 21:00etan, afari auzotarra (norberak berea eramanda)
  • 23:00etan, euskal dantza sorkuntza erakustaldia Kukukaren eskutik.
  • 00:00etan, rock kontzertua.
  • 01:30ean,  Bide batez musika taldearen kontzertua.

Ekainak 3, larunbata

  • 09:00etan, diana.
  • 10:00etan, herri kirolak haurrentzat.
  • 11:00etan, Xumela korua auzoan zehar.
  • 11:30ean, Joxe Migel Aranzadiren oroimenez
    XIV. Eskoba txapelketa.
  • 13:00etatik 15:00etara, Bermut musikatua, Ankoker taldearekin.
  • 15:30ean, Joxe Migel Aranzadiren oroimenez
    XIV. Mus txapelketa.
  • 17:00etan, erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak LOZETen eskutik.
  • 17:30etik 20:00etara, pala txapelketako finalak. Ondoren, Elektropottotte eta Kukuka.
  • 20:00etan, bertso saioa. Bertsolariak: Ane Labaka, Lierni Rekondo, Aitor Mendiluze eta Iñaki Zelaia. Gai jartzailea: Zigor Iriondo.
  • 21:00etan, Gas-gas, goxorraketak eta  buruhandiak.
  • 21:30ean, Herri afaria.
  • 23:30ean, Akelarre dantza.
  • 23:50ean, zezensuzkoa LOZETen eskutik. 
  • Rock festa (gau pasa):
    • 00:00etan, Alarma morea.
    • 01:30ean, Rukula.
    • 02:30ean, Dj Fantasia.

Ekainak 4, igandea

  • 09:00etan, diana.
    10:30etik 11:00etara,
    patata tortilla txapelketa.
    11:00etan,
    euskal dantza Kukukaren eskutik
    12:00etan,
    herri kirolak: Ane Zapirain, Amaiur Arbelaitz, Julen Gabirondo eta Beñat Telleria.
    12:00etan,
    Oaintxe in deu txaranga. 
    12:00etan,
    erraldoi eta buruhandiak LOZETen eskutik. 
    13:00etan,
    proba misto nagusia.
    14:30ean,
    herri bazkaria, txarangak girotua.
    18:00etatik 20:00etara,
    Andoni Ollokiegiren emanaldia.
    18:30ean,
    Toka txapelketa herrikoia.
    20:30ean,
    azken traka eta Teresa Sorgiñari agurra.