ESKUTITZA

Azkena izan dadin

Iñigo eta Patxi Azpiroz 2023ko mai. 26a, 07:30

Iñigo eta Patxi Azpiroz anaiek eskutitz bat bidali dute TXINTXARRI-ren erredakziora, euren ama Itziar M.I.-rekin Atsobakar egoitzan gertatu zena jakinarazi eta zabaltzeko asmoz. Jarraian irakur dezakezue, oso-osorik.

Sei hilabete pasa dira gure Ama, Itziar M.I., Lasarte-Oriako Atsobakar zahar egoitzan zendu zenetik.

Denbora hau igarota, etxekoak, atsekabetuta eta nekatuta gaude.

Amaren heriotza sinestezina dugu buruan eta guri gertatutakoa beste inori ez gertatzeko egin ditugun ahalegin guztiak, ezerezean gelditu diren susmoa dugu.

Gure iritziz, sinestezina izan zen Amaren bukaeraz ez gara asko luzatuko, hemen zertzelada batzuk:

  • Iazko azaroaren 13an, goizeko 11:30ak aldera larrialdiko medikua iritsi zen Atsobakarrera eta ama azkenengotan zegoela adierazi zigun. Heriotza hain hurbil egonda,  ospitalera igotzeko aukera azaldu genion eta berak,  ospitalean eskainiko litzaiokeen zerbitzua, erizainak Atsobakarren eman  zekiokeela adierazi zuen. Horretarako beharrezko jarraibideak ezarri eta erizainari jakinarazi zizkion. Helburua, amak ez sufritzea zen. Hasieran,  arnasketa zaratatsua eta sukarra arintzeko, morfina sartuko zien…eta hilzorian egonez gero, sedazio aringarria erreskate gisa erabiliko zen.
  • Arratsaldeko 19:30ak aldera ordea, ama ahotik lerdea botatzen hasi zen. Berehala auxiliarrengana jo genuen erizainari abisatzeko esanez. Horixe zen adostutakoa, zerbait susmatu orduko erizainari abisatzea medikuaren jarraibideekin segitzeko. Baina, auxiliarrek, erizainak alde egin zuela esan ziguten, zentroan, erizainik ez zegoela. Ama hilzorian eta bukaera arinduko liokeen sedazio aringarria jartzeko inor ez.
  • Auxiliarrek, larrialdiko medikuari deitu ziotela esan ziguten. Hori bai, atezainak 20:00etan alde egin behar zuela eta medikuari atea zabaltzeko giltzak guri utzi zizkiguten.
  • 19:30etik aurrera, bi anaiok, gelan, amaren lerdea garbitu nahian, amaren ezina ikusiaz, bakardadean; inoren laguntzarik gabe egon ginen. 21:00etan hil zen arte. Medikua, 21:25ean iritsi zen zentrora, heriotza agiria sinatzeko.

Amaren heriotzako uneak hain gogorrak izan zirenez, etxekoak, Atsobakarreko Zuzendariari azalpenak eskatzea pentsatu genuen eta azaroaren 16an hainbat galdera egin genizkion.

Abenduaren 13an azaroan eginiko eskaera gogorarazi ondoren, eskatutako txostena urtarrilaren 18an iritsi zitzaigun. Gure ustez: txosten oso eskasa eta gezurrez betea.

Eta horrela adierazi genien Atsobakarreko Zuzendariari eta Kabia Elkarteko arduradunari urtarrilaren 27an eginiko aurrez aurreko bileran.

Bilerak ere, gure lasaitasunerako, ez zuen ekarpen handirik ekarri. Bilera bukaeran, Atsobakarreko Zuzendariari, 13 galderez osatutako txostena helarazi genion idatziz erantzun zezan.

Eta otsailaren 23an galderen erantzunak jaso genituen. Erantzun mingarriak. Ez dugu tarterik egindako galderei eta emandako erantzunei buruzko errepasoa egiteko. Hona, Zuzendariak, hilabete eskaseko tartean emandako bi azalpen kontrajarriak:

  • 2023-01-18: Zuzendariak onartu zuen gure Ama hil zen egunean, igandean, 19:30tan Atsobakarren erizainik ez zegoela.
  • 2023-02-23: Zuzendariak, erizaina, egunero, goizeko 8:00etatik iluntzeko 21:30era arte egoten dela adierazi zuen.

Eta horixe da GAKOA.

Ez genuen uste honaino iritsiko ginenik. Nahikoa zen egindako hutsegiteak aitortu eta, halakorik berriro ez gertatzeko konpromisoa hartzea eta neurri zehatzak martxan jartzea. Guztiok irabaziko genuen: egoitzak, egoiliarrak, senitartekoak, langileak...Horretarako borondaterik ez dugu ikusi. Horrexegatik egiten dugu  hau publikoa, neurriak har daitezen eta inork nahi gabeko sufrimendurik pairatu ez dezan.