Futbol taldeek emaitza ezberdinekin eman diote amaiera denboraldiari

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 25a, 15:30
Texas Lasartearra eta Aizkorri taldeetako jokalariak baloiari buruz jo nahian.

Futboleko denboraldia amaitu da. Lasarte-Oriako Ostadar eta Texas Lasartearra klubetako taldeek azken jardunaldia jokatu zuten hilaren 20an eta 21ean, talde urdin beltzeko Ohorezko Kadete Mailako jokalariek izan ezik

Kadeteek Hernaniren aurka jokatu behar zuten Zubipen, hilaren 20an; Urumearen ur mailaren igoera dela eta, zelaia ez zegoen jokatzeko moduan. Aste bete atzeratu da partida eta hilaren 27an, larunbatean emango diote amaiera denboraldiari gazteek.

Gainerako taldeei dagokionez, denetariko emaitzak egon ziren jardunaldian.

Ostadarreko I. Erregionalak 3-0 irabazi zion Usurbili kopako lehian; talde urdin-beltzeko Ohorezko Jubenilak 2-0 garaitu zuen Lengokoak; Jubenil I. mailako kopan, Texas Lasartearra 4-2 gailendu zen eta Kadete I. mailako lehiaketa berean, Ostadar B eta C taldeek garaipena erdietsi zuten, 0-1 eta 3-1, hurrenez hurren.

Berdinketak ere izan ziren. Gorengo mailako Ostadarrek husna egin zuen Hernani Bren aurka; Erregional I. Mailako kopan, Texas Lasartearrak eta Pasaiak 3-3 amaitu zuten neurketa; Jubenil I. Mailako igoera fasean, Ostadarrek 2-2 egin zuen eta zuri-urdinen Kadete I. mailako taldeak 0-0 amaitu zuen Aizkorriren aurkako kopako lehia. 

Ohorezko Erregional mailan eta Infantil Txiki mailako kopan Ostadarreko taldeek aurkako emaitzak izan zituzten. Real Sociedad taldea 0-7 gailendu zen erregionalen norgehiagokan. Infantil taldeak, aldiz, kopako final laurdenari egin zion aurre. Urdin-beltzek ezin izan dute aurrera egin, ordea; Amaikak Bat taldeak 1-0 irabazi zuen.

Kopako kanporaketa

Eta guztien artean, Ostadar B Kadete I. mailako taldeak bakarrik jarraituko du lehian; bigarren multzoko lehen postuan sailkatu eta kopako kanporaketa jokatuko du etxean. 

Final erdietara iristeko asmoarekin, hilaren 27an, larunbatarekin, Ordizia Bren aurka neurtuko ditu indarrak, 11:30ean, Michelin kirol gunean.