20, 18 eta 16 urtez azpiko zein master mailako lehia izan zen larunbatean. Hamar herritar izan ziren proba ezberdinetan parte hartzen eta lau domina jantzi zituzten; horietatik hiru 18 urtez azpiko mailan eskuratu zituzten Ostadar SKTko kideek.
Alex Alkain garaile izan zen luzera jauziko proban 6,92 metroko markarekin. Lehen saiaketarik buru izan zen talde urdin-beltzeko gaztea eta bosgarren jauzian lortu zuen uztailan Gijonen jokatuko den 18 urtez azpiko Espainiako txapelketarako txartela.
Horrez gain, 100 m. lasterketan, bere sailkapeneko probako buru izan zen (11,40) eta orokorrean, zilarrezko domina lortu zuen Alkainek.
Luzera jauziko podiumean Oinatz Almagro taldekidea ere izan zen. 6,21 metroko jauzia egin eta bere marka ontzeaz gain, brontzezko postuan amaitu zuen lehia.
Herritarren azken domina Atletico Renteria taldeko Jose Ramon Latorre herritarrak eskuratu zuen master mailako 100 m. lasterketan; garaile izan zen, 11,82 m.
Podiumetik gertu geratu zen Ostadarreko Hodei Garcia pisu proban. 8,53 metroko jaurtiketarekin laugarren izan zen.
Proba konbinatuak
Igandeaen, berriz, eskolarteko proba konbinatuetako txapelketako jokatu zen. Ostadar SKTko infantil eta alebin mailako 11 kide izan ziren proba ezberdinak burutzen.
Alebinek hiru lehiari egin behar zioten aurre Gipuzkoako txapelketan: 60 m., luzera jauzia eta pisua. Infantilek, aldiz, lau proba gainditu behar izan zituzten: 80 m., luzera jauzia, pisu jaurtiketa eta 80 m. hesiak. Maila horretan Eider Redondo eta Iugatz Almagro podiumean izan ziren; Redondok urrezko domina jantzi zuen eta Almagrok, aldiz, brontzezkoa.
Redondok garaipena erdietsi zuen luzera proban (5,12 m.) eta 80 m. hesi proban (12,38); bigarren izan zen 80 m. lasterketan (10,42) eta laugarren pisu proban (7,94 m.). Lehia ezberdinen emaitzen puntuazioak lehen postua eman zion atleta gazteari.
Almagrok gora behera gehiago izan zituen bere jardunetan. Laugarren izan zen 80 m. lasterketan (10,53); bigarren luzera jauzian (5,08 m.), hamaikagarren 6,82 metroko pisu jaurtiketarekin eta seigarren 80 m hesi lasterketan (13,39).
Alebin kategorian, Dana del Amo izan zen Ostadarreko atletatik hoberena, laugarren postuan amaitu zuen txapelketa gazteak.