Ostadar SKTtik pasa diren kirolari nabarmenenen txanda izango da gaur

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 25a, 09:00
'Kirol inklusiboa eta egokitua' hitzaldiak ireki zuen egitaraua, joan den asteko ostegunean. Argazkia: Isaac Farre.

Lau hamarkada bete dituela ospatzen jarraituko du Ostadar SKT kirol elkarteak gaur arratsaldean, Ostadarretik pasa diren kirolari nabarmenenak hitzaldiarekin. 19:00etan izango da, kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Iraia Iparragirre, Ander Bardaji, Aitor Manso, Mikel Martija, Ander Goenaga, Xuban Santin, Naroa Furundarena, Itxaso Garcia, Jon Ibisate eta Asier Sagasti herritarrek parte hartuko dute arratsaldeko solasaldian.

Astebete geroago, Emakumea eta kirola hitzaldia aurrera eramango dute, egitarauko azkena. Hori ere 19:00etan hasiko da baina Antonio Mercero guneko hitzaldi aretoan izango da.

"Dokumentazio lan izugarria" argazki erakusketarako

40 urte hauetan Ostadarren aritu diren kirolariak zenbaezinak badira, kirol elkartearen artxiboko irudiak ere bai, ia-ia. "Dokumentazio lan izugarria" egin dute argazki erakusketa eder bat atontzeko: hilaren 26tik ekainaren 2ra jarriko dute, Antonio Mercero gunean, 18:00etatik 20:00etara. Klubaren ibilbideko hainbat mugarri erakutsiko dituzte: sorrera, kirol lorpen azpimarragarriak eta, batez ere, "kamiseta urdin-beltza jantzi duten herritarrak, aspaldikoak eta gaur egungoak". 

Urtemuga biribiltzeko, denboraldi amaierako festa egingo dute ekainaren 3an, 11:00etatik aurrera, Michelingo frontoian. Urtero legez, Auzolan eta Kirolari Onenaren sariak banatuko ditu Ostadarrek, eta, ondoren, sail bakoitzak taldeetako jokalari jatorrenei aitortza egingo die. Egitarauan badago berrikuntzarik, izan ere, 40. urteurrenaren harira talde argazki erraldoi bat aterako dute kirolari guztiekin. Bukatzeko, jan-edana izango dute Beltzak errugbi eskolakoek antolatutako hirugarren denboran. 

Oroigarri gisa, giltzatako bereziak atera ditu Ostadarrek. Erosi nahi dutenek kirol elkartearen bulegoan (Geltoki kalea, 25) izango dute aukera eta baita denboraldi amaierako festan ere, 2 euroren truke.