Intzako pilotariek ez dute zorterik izan euren neurketetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 24a, 12:30

Intza Kirol Elkarteko pilotariek ez dute zorterik izan pasatako jardunaldian. Etxean zein kanpoan arerioa gailendu da

Loidibarren pilotalekuan jokatu bi neurketaz gozatu ahal izan zuten herriko pilota zaletuek.

Lehen partidan, alebin mailako nesken Gipuzkoako txapelketako norgehiagoka izan zen. Itxaso Iparragirrek Abantzuko Ayesaren  aurka 2-0 (0-8 eta 2-8) galdu zuen. Nahiz eta Intzako kidea ederki jardun, zestoarra nagusi izan zen.

Bestalde, errendimenduko Udaberriko bikoteak (ikus irudiak) azken jardunaldia jokatu zuen. Arrasateko Zubia-Osoro bikotearen aurka ederki borrokatu zuten Ekhi Maiz eta Eñaut Huizik baina ezin izan zituzten nahiko tanto egin; 8-16 amaitu zen lehia.

Villabonan ere alebinen berezko Gipuzkoako txapelketako azken neurketak jokatu ziren.Oier Jauregik Arrasateko Martin izan zuen aurrez aurre eta aurkaria 16-8 gailendu zen.

Lau eta erdiko lehiaketan, Peru Urdanpilletak eta Beñat Olazabalek atseden izan zuten  eta partida bakarra jokatu zuten Intzako jubenilek. Haritza Diaz De Gereñuk LAPKEko Harreguyren aurka borrokatu zuen. Lazkaoko pilotaria nagusi izan zen ordea; 22-16 galdu zuen Intzako kideak.

Lehen fasea amaituta Urdanpilletak eta Diaz De Gereñuk finalerako bidea egingo dute; Olazabalek, aldiz, Ekialdeko txapelketa jokatuko du.