Julen Basterra gitarra jotzaileak eta Lierni Rekondo bertsolari eta sortzaileak eman diote hasiera ekitaldiari. Bi doinu jo ditu Basterrak berak bakarrik lehenik, eta hirugarrena jo bitartean, Rekondok, berak idatzitako testu bat irakurri du. Txalo zaparrada entzutetsu bezain luzea eskaini diete mitiña entzutera joandako alderdikide eta militanteek, eta Esti Garmendia Arrieta alkategaiak hartu du hitza gero.
Sortzaileei eskerrak eman, eta herriko EH Bilduren zerrenda osatzen duten kide guztiak izan ditu gogoan. Horietako zenbait deitu ditu agertokira: Uxue Loinaz, Asier Gorostegi, Oihan Agirretxe, Sandra Barkaiztegi, Alex Ramos, Pablo Barrio eta Haizea Arbizu. Baina ez horiek bakarrik, baita Buruntzaldeko alkategai batzuk zein Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak ere. Oholtza hartu dutenak, Lasarte-Oriako, Buruntzaldeko eta Gipuzkoako pertsonen bizi proiektuak posible izateko lan egitera datozela azpimarratuz hasi du hitzartzea Garmendiak. Nabarmendu du gero Lasarte-Oria periferia askoz osatuta dagoela, eta hori dela herria" aparteko" egiten duena.
Enpleguaz mintzatu da jarraian; lasarteoriatarrek herrian lan egiteko aukera izan behar dutela nabarmendu du, eta Lasarte-Oriako industriaguneari egin dio erreferentzia gero: "Lanpostu duinak bermatuko dituzten industriagune sendoa behar dugu, eta horretarako, herriko zonalde hori birgaituko dugu". Auzoetako komertzio, zerbitzu eta ostalariek bizi dituzten zailtasunez ere hitz egin du, eta gailendu, herri bizi bat nahi bada, ezin direla horiek hiltzen utzi: "Hauek bizirik mantentzeko ardura dugu, eta egingo dugu; alboan izango gaituzue".
Hezkuntzari ere egin dio azpimarra. Adierazi du "kalitatez" ikasteko aukera izan behar dutela herriko ikasleek, eta horretarako "espazio duinak" behar dituztela. Eta, nola ez, etxebizitzaz ere hitz egin du: "Ezinbestekoa da gure herrian bizi ahal izatea, bertan etxebizitza eskuratzeko eskubidea izatea". Hari horri tiraka, gogorarazi du udalak bere jabetzakoak diren Hipodromo etorbideko 39 etxebizitzen gainean berriki hartutako erabakia (lehiaketa bidez besterenduko ditu). Gaineratu du etxebizitza horiek sozialak izateko sortu zirela, eta orain, udal gobernuak "gehien ordain dezakeenaren esku uztea" erabaki duela. "Jokabide horrekin, Lasarte-Oriako PSE-EEk eta EAJk, herriko etxebizitza politiketan beste modu batera eragiteko aukera handia galdu du", gaineratu du. Hala, ziurtatu du herritarrek etxebizitza duina izateko eskubidea bermatu arte lanean jarraituko duela EH Bilduk. Guzti hori esan ostean, bere alderdiaren konpromisoa zein den azaldu du: "Herrian ikasi, lan eta bizi". Gaineratu du, gainera, helburu hori lortzeko bidean ez dutela inor atzean utziko.
Herri anitza
Komunitate kohesionatu batean bizitzeko zorteaz aritu da gero. Nabarmendu du jatorri, pentsamendu, kolore eta hizkuntza anitzetako pertsonek osatzen dutela Lasarte-Oria, eta horiek guztiek "modu duin batean" bizitzeko eskubidea dutela.
Herriaren motore izan diren, eta hori eraldatu duten elkarteak ere gogoan izan ditu. Kontatu du horietako hainbatetan parte hartu duela "bere bizitzaren aro ezberdinetan", besteak beste, guraso elkartean, antzerki eta dantzan, aisialdian. Ohartarazi du, tamalez udalak ez duela balioan jarri horiek guztiek herri kohesioari egiten dioten ekarpena, eta, gaineratu, badela horiek guztiak "mimatu eta laguntzeko garaia". Elkarteek euren jarduna aurrera eramateko erabilera anitzeko espazio bat eraikiko dutela iragarri du, baita estalitako eremu bat ere, kaskoan.
Eta aurrez aipatutako guzti horretarako, "begirada feminista transbertsala" ezinbesteko dela ere azaldu du: "Hori da gure egiteko moduaren oinarria".
Hilaren 28ko hauteskundeak
Amaitzeko, datorren igandeko, hilak 28 hauteskundeei begira jarri eta azaldu du "inoiz baino gehiago" izango direla. Baina, hori hala izan dadin, ariketa bat egiteko eskatu die bera entzutera joandako alderdikide eta militanteei: "Hitz egin lagunekin, dendariarekin, bizilagunekin...herriko txoko guztietara iritsi behar du gure mezuak. Etorkizuneko maite dugun Lasarte-Oria denon artean egingo dugu". Alderdiaren "konfiantza, konpromisoa eta lana" eskaini dizkie herritarrei, hori guztia horien bizitzak hobetzeko.
Arkaitz Rodriguezek hartu du hitza gero eta luze eta zabal mintzatu da, Garmendiak plazaratutako gaien bide beretik.