Ehungarren urteurrena ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 23a, 18:25

Lasarte-Oriako auto zirkuituak ehun urte beteko ditu aurten, eta urteurren hori ospatzeko, Aterpea merkatarien elkarteak jarduera erakargarri bat prestatu du bezeroentzat. Gaur eguerdian eman dute horren berri elkarteko kideek.

Ramon Ormazabal eta Ana Laureanok hitz egin dute Aterpearen izenean, eta datozen egunetan aurrera eramango duten kanpaina berriaren nondik norakoak azaldu dituzte. 

Ormazabalek azpimarratu du Lasarte-Oriako auto zirkuituaren ehungarren urtemuga ospatu asmoz prestatu dutela ekimena, xehetasunak ematen hasi aurretik, zirkuituaren historiari egin dio errepaso labur bat. 

Azaldu du 1923. urtea jarri zutela martxan Lasarteko auto zirkuitua, hilabete zehatza ere ekarri du gogora: uztaila. Gaineratu du lehen ibilbideak 18 kilometrokoa izan zela, Oriatik abiatu, Andoaindik igarota Urnietara iritsi, Hernani zeharkatu eta berriz ere Oriara iristeko. Jakinarazi du orduan sei lasterketa jokatu zirela,  eta 09:00etan hasi zela lehena. 

Kontatu du hamahiru urte geroago eten zela zirkuituaren jarduna, Gerra Zibilaren ondorioz. Berriro ere martxan jartzeko asmoa agertu zuten 1940. urtean, baina orduan II. Mundu Gerraren ondorioz, ezinezkoa izan zen berriz ere martxan jartzea. Lasterketak egin ziren urteetan, guztira 26 lehiaketa egin zituztela kontatu du Ormazabalek.

Lasarteko auto zirkuituak herriarentzat izan zuen garrantzia ere nabarmendu du, eta adierazi, ostalaritza negozio eta ostatu ugari martxan jartzea eragin zuela. 

Bezeroen parte hartzea

Ana Laureanok bezeroentzako prestatu duten ekimenaren xehetasunak eman ditu. 

Hilaren 29tik ekainaren 11ra arte iraungo du egitasmoak. Tarte horretan, Aterpeako establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroek, zozketa batean parte hartzeko papertxoak beteko dituzte. Saria ere iragarri du. Irabazleak Lasarteko auto zirkuitu historikoaren ibilbidea egingo du auto klasiko batean, eta hori amaitu ostean, Martin Berasategi jatetxean bazkalduko du. Jakinarazi dute, saridunak lagun bat eraman ahal izango duela. Ohartarazpen bat ere egin du; auto klasikoan ibilbidea eta bazkaria ekainaren 24an izango direla, hortaz, saridunak egun horretan ezingo balu, inguruko norbaiti edo berak erabakitzen duenari eman ahal izango diola sariaz gozatzeko eskubidea. 

Bestalde, herriko haurrek ere ekimena honetan parte hartzeko aukera izango dute. Izan ere, ekainaren 10ean puzgarriak izango dira Andatza plazan, eta Cars-etan ibiltzeko aukera ere izango dute.

Agerraldia amaitu aurretik, udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete merkatariei herriko komertzioa sustatzeko egiten duten lanagatik, eta herritarrei dei egin diete bertako merkataritza babes dezaten.