Lau urtez Katalunian egon ondoren, gaztarotik bizitoki izandako Argentinara bueltatzeko asmoz iritsi zen 2004. urtean Miguel Angel Tolosa Avellino (Montevideo, Uruguai; 1954) Lasarte-Oriara. Joateko unea iristean, ordea, hemen gelditzea erabaki zuen emaztea eta bi semeekin. Gazteenaren eskutik Podemoseko bilera batera joan zen 2015ean, eta zortzi urte geroago alderdiaren alkategaia da. Kazetaria Zumaburu kaleko lokalera iristean, agurtu, eta berehala bizitzako lehen elkarrizketa duela aitortu dio. Hortik aurrera, aho bizarrik gabe erantzun ditu galdera guztiak.
Urtebetez zinegotzia izan zara. Nolako bizipena izan da?
Oso ona. Hauteskunde hauetarako prestatzen ari nintzen, beraz, ondo etorri zait guztiaren berri izateko; harritu nauten gauzak topatu ditut. Laburra, bizia, oso ona eta pozgarria izan da, asko eskertzen ditut udal kudeaketari emandako orduak.
Zergatik eman duzu pausoa?
Prest nago eta gustatzen zait. Lasarte-Oriak kokapen geografiko ona du, bizitzeko leku polita da, eta jendeak eroso bizi behar du. Semeak hemen biziko dira eta bizigarriago izatea nahi dut. Ez dut espektatiba ekonomikorik, asmoa publikoa defendatzea da. Kontulari publikoa naiz, bi semeak ingeniari aeronautikoak dira unibertsitate publikoan ikasita, maskuriko minbizia atzeman eta ebakuntza egin zidaten publikoan, baita bihotzeko ebakuntza ere. Sektore publikorik gabe ezinezkoa litzateke; eta barrutik defendatu behar da.
Erraza izan al zen erabakia hartzea?
Bai, 2020an erabaki nuen. Ez nuen zerrendaburu izatea espero, zinegotzi baizik; baina ez dit beldurrik ematen. Podemosen arauetako bat da zortzi urte osatzean erreleboa egin behar dela. Aurkeztu nintzen eta ez nuen aurkaritzarik izan; izena emandakoen %40ak bozkatuta, abstentzio bakarra izan zen.
Egunerokoa aldatuko al dizu?
Ez dut uste. Egunero udaletxera joaten naiz, goiz osoa eta arratsaldearen parte bat eskaintzen diot.
Hiru zinegotzi izan zenituzten 2015ean; bi, 2019an. Zer emaitza aurreikusten duzue?
Gure helburua, gutxienez, azken hauteskundeetan baino bozka bat gehiago lortzea da, errepikatzea. Hirugarren zinegotzia jomugan dugu, nahiz eta gure esku ez dauden baldintzen araberakoa izango dela uste dugun, eta gobernatzeko nahia ere badugu.
"Informazioa mahai gainean badago eta denok badugu, errazagoa da akordioak lortzea"
Gainerako alderdiekin akordioak erdiesteko prest al zaudete?
Bai. Programarekin ados bagaude eta beteko dela ziurtatuko bagenu, publikoa defendatuz eta gardentasunez, ez dugu inorekin akordioa egiteko arazorik. Alderdi batekin bakarka zaila ikusten dut, besterik litzateke hiruko gobernua errepikatuko balitz, eta gardentasunari lotuta, PSE-EErekin, gardentasun falta etengabe aurpegiratu diogu, baina ez genuke arazorik izango. Ezta EH Bildurekin ere, noski.
Urchueguia aferak eraginik izan al dezake?
Iraganaren parte dela uste dut, ez dut baloraziorik egingo, baina ez dugu halakorik nahi. Ikusi beharko dugu nola ziurta dezakegun akatsak ez direla errepikatuko. PSE-EE eta, tamalez, udala bera ere, erabat hermetikoak dira; horrenbeste urtez hala gobernatzeak eragin du langileek ere informazioa gordetzea. Sinestezina da zenbat informazio gordetzen den udaletxeko tiraderetan, eta kosta egiten zaie ulertzea informazioa mahai gainean badago eta denok badugu, errazagoa dela akordioak lortzea. Ez diot ardura langileei egozten, baina hori aldatu egin behar da eta zaila da.
Zuen hautagaitza zerrendako zer nabarmenduko zenuke?
Kargua lortzeko aukera dugun hiru hautagaiei dagokienean, nire meritu nagusia ezagutza eta prestaketa juridiko-administratiboa da. Ez da udalean, baina lagungarria zait. Kudeaketan arreta jartzen dut herritarrak izan daitezen onuradunak eta ez enpresa pribatuak. Kontratu guztiak berrikusten ari naiz eta topatu ditugu aterako diren beste gauza ezatsegin batzuk; ez diot txarrak, baina bai arautu gabeak edo ez argiak. Esaterako, ez zuten gobernu batzordea biltzen eta ez zituzten kontratu txikiak argitaratzen, behartuta egonda ere, zenbait gauza denbora edo langile faltagatik batzuei enkargatzen zaizkie, beti berberei... Davidek [Ares] zortzi urteko eskarmentua du, udaletxeak nola funtzionatzen duen badaki. Letren zaleagoa da, ni zenbakiena, beraz, talde ona osatzen dugula uste dut. Eta Ana Maldonado bere burua prestatzen ari da sartuz gero tamalgarria den gai bati heltzeko: ez dugu berdintasun teknikaririk PSE-EEk kontrakoa esan arren.
"Hirugarren zinegotzia jomugan dugu eta gobernatzeko nahia ere badugu"
Auzo berriak eta lehen aldiz bozkatuko duten gazteak badira. Horrek zuen emaitzetan eragin dezakeela uste al duzu?
Inflexio puntu batean gaudela uste dut. Gutaz duten ezagutza eta Podemos marka izango dira gure emaitzen arduradun, hein batean. Ezkerraren zati batek ez dio PSE-EEri boza berriro eman nahi, 2015ean guri eman zigun eta 2019an etxean gelditu zen; bozka dezaten sustatzeko gai bagara, emaitza hobea izango dugu. Inkestak dituztenen arabera, auzo berriek alderdi baten alde egingo dute, baina ez dut uste; emaitza oso antzekoa izango da, zinegotzi bat gorabehera.
Zer balantze egiten duzu amaitzear den legealdiaz?
Guretzat trantsizio legealdia izan da eta berriro hasteko prestatzen ari gara. Orain lortuko duguna hurrengo urteen oinarria izango da. Nire ustez, Podemosek alderdi gisa okerrena pasatu du. Erakunde osoarekin egin zen sorgin ehiza izugarria da, barne akatsak ere bai. Podemosek lortu du, ideiak dituen eta haziko den alderdi gisa finkatzea eta hauteskundeetan nabaritzea espero dugu. Ikusiko da aurten aliantzekin zer gertatuko den, baina 2027an gobernua izango dugula uste dut, ez dakit PSE-EErekin edo Bildurekin batera.
Iragate garaia izan bada ere, zer ekarpen egin duzue?
Podemosen ekarpena ez da horrenbeste egin duena, gobernu taldeari egiten utzi ez diona baizik. Alkatearen soldata 2011. urtekora ez itzultzea, proiektu parte hartzaileak, gardentasun saiakera batzuk egitea lortu dugu eta gobernu batzordea berriro elkartzea. Sinesgaitza da Lasarte-Orian ez zela gobernu batzordearekin gobernatzen 2011. urtetik, nahiz eta araudiaren arabera ezinbestekoa izan. Zergatik? Aktetan jaso egin behar dute zertaz gobernatzen ari diren, eta ohituta daude bulegoan hiruren artean maneiatzen, edo, agian, kafearen tartean erabakitzen. Gobernu batzordea badago gai asko hor landuko dira eta oposizioko alderdiek lehenago jakingo dugu zer lantzen ari diren. Horrez gain, kontratuak argitaratzea. Harritu egiten ninduen batzordeetan naturaltasunez entzutea “kontratu hau pertsona honi emango diot eta 5.000 eurokoa izango da, gehiagokoa bada, argitaratu egin behar delako”. Enpresa batzuei festa batzuetarako gunea doan ematen zaie, enpresak beste partaideei kobratzen dielako; eta, beste leku batean ezin badu kobratu, dirua emango dion kontratu bat egiten dute. Bultzaka bada ere, gardenago jokatzea lortu dugu.
"2027an gobernua izango dugula uste dut, ez dakit PSE-EErekin edo bildurekin batera"
Zeintzuk dira herriaren erronkak?
20.000 biztanleko herria izatear dago, muga hori pasatzeak egitura aldaketa dakar udalera eta horretarako prestatu behar dugu. Udalak betebeharrik gabe ematen dituen zerbitzu batzuk badira, horietarako finantzazioa izango du, baina ondo ematea exijitu behar zaio. Bestalde, Donostiak pairatzen duen presio turistikoa iristen ari da eta pisu turistikoei muga jarri behar zaie. Halaber, kartzelak eta inguruko poligonoak jendea ekarriko du herrira. Etxebizitza erronka garrantzitsua da, eta Etxebizitza Behatokia sortzea adostu genuen PSE-EErekin, jakin nahi dugulako zer gertatzen den. Badago autonomiarekin bizi nahi duen adineko jendea, horregatik egungo kiroldegia dagoen lekuan adinekoentzat eta gazteentzat etxebizitzak egin nahi ditugu, belaunaldi arteko harremanak sustatzeko. Horrek hutsik dauden pisuak alokairuan jartzea eragingo duela uste dugu. Udal barruan, zerbitzuak berriro udalekotzea; azpikontratatutako zerbitzu asko daude, negozio partikularrak direnak, eta udalak egiturazko lanpostu bilakatu beharko lituzke. Horiek garrantzitsuenak.
Eta zuen proposamen nagusiak?
Lau ardatz dituzte: Etxebizitza, gardentasuna, udala herriari zabaltzea –herritarrentzat kutxa beltz bat da– eta informazioa eskuragarri jartzea. Alkatearen eta gobernu batzordearen agendak publikoa izan behar dute.
Etxebizitza arloan, PSE-EErekin lortutako akordioan jasotakoaz gain, zer egin nahiko zenukete?
Nahi dugu udalari dagozkion Kotxeraseko etxebizitzak ez saltzea. Kiroldegia hustean ere, kontu izan beharko dugu Hipodromo etorbideko etxeekin egindakoa errepika ez dezaten: 2006an alokairurako zirela esan zuten eta 2023an saldu egin dituzte.
"PSE-EEk dioena dioela, berdintasun teknikaririk ez daukagu, eta beharrezkoa da"
Berdintasun teknikariaren postua sortzearen aldeko mozioa bateratua babestu zenuten...
PSE-EEk dioena dioela, berdintasun teknikaririk ez daukagu, eta beharrezkoa da. Ez hitz egiten ahalegintzen naiz, seguruenera mikromatxismo asko eskapatuko zaizkidalako oharkabean; baina justuki horregatik behar dira hori defendatuko duten emakumeak. Naturala da, niri jatorriaren araberako diskriminazioaz ari direnean gertatzen zait; ez naiz diskriminatuta sentitzen, ez dit eragiten, baina etengabe ikusten dut detaile txikitan. Emakumeen lekuan jarri eta imajina dezaket zer den. Niri min handia egiten zidan gizon matxistez hitz egiten zutenean, interpelatua sentitzen bainintzen; niri begira beharrean arazo estrukturala zela konturatu nintzen arte. Bide bakarra erakundeetatik defendatzea da, goitik begiratuta, ikuspegi osoa hartzen, eta horretarako buru-belarri jardungo duen pertsona bat behar da.
Alkatea bazina, zein litzateke hartuko zenukeen lehen erabakia?
Gobernu batzordearen, alkatearen eta ziur aski teknikarien agendak publikoa izatea. Bigarrena, kontratuak-eta berrikustea.
GERTUTIK
Liburu bat?
Ekonomia politikoari buruzko bat.
Film bat?
El amor menos pensado (Juan Vera), En la ciudad sin límites (Antonio Hernandez)
Musikari bat?
Charly García, Mikel Erentxun
Zaletasun bat?
Tangoa dantzatzea, patinatzea, arrantza eta bela
Pertsona erreferente bat?
Ama.
Herriko toki gogokoena?
Etxeko terraza.
Oporretara joatekotan, nora?
Hondartza duen edozein.
Zer eramango zenuke uharte batera?
Emaztea. Semeak ere, baina ez dakit etorri nahiko luketen, kar, kar.