ESKUTITZA

Imanol Lizardiri

Mikel Zinkunegi Artola 2023ko mai. 19a, 10:05

Gaztetan lankide eta lagun izan zuen Imanol Lizardiri hitz polit askoak eskaini dizkio Mikel Zinkunegi Artola herritarrak.

Euskerak eta Lasarte herriak elkartu gintuen. Hirurogeitahamarreko hamarkadaren erdialdia zen eta ez ziren garai errezak ( Franco hiltzear...). Gu gazteak ginen –18 urte inguru– eta herrian ez zen euskera asko entzuten kalean eta gazteen artean ia batere ez.

Buruntzaldeko beste herriekin koordinatuta, Gau-Eskolak antolatu genituen Lasarten. Talde txiki bat zen eta apaizetxean elkartzen ginen. Sasoeta eta REM ikastetxeetan lortu genituen gelak eta gauez ematen genituen klaseak. Lanetik atera ondoren etortzen ziren euskera ikastera. Horrela ibili ginen urte haietan. Gu biori soldaduskak moztu zigun klaseak emateko jarduna. Geroago etorriko ziren AEK eta besteak.

Oso gazte egin ginen euskeraren militanteak (ateratzen ziren euskal musikako kasete ia guztiak eskuratu eta abestiak ikasten genituen...). Etxetik genekien euskera eta kalean hitz egiten hasi ginen. Alfabetatzen egin genituen aurreko urteak, Landaberrin ibilitako irakasle batzuen eskutik aurrena eta Donostiako EUTGra larunbat goizetan joanez, hurrengo urtean. Txillardegik eman zizkigun dialektologia ikasketak sakontzeko Zuberoako elizetan kantu liburuak arakatzen ibili ginenekoa datorkit burura.
Magisteritza ikasi genuen eta eskola publikoan sartu ginen ( garai haietan " escuelas nacionales"), Euskera irakasle gisa. Hasierako urte haietan kontrako asko aurkitu genituen barruan, baina tinko eutsi genion bide horri. Kinta berekoak izanik, berrogei bat urteren ondoren jubilatu ginen.

Urte horietan guztietan, euskera beti ardatz edukita, makina lan egin duzu izan zaren eskola eta barnetegietan eta bizi izan zaren bi herrietan. Beti borondate ona eta lanerako prest. Bizitzarako ere oso eskuzabala izan zera. Alkizako zure etxera joaten zenak solasaldi ederra izaten zuen eta ez zen inoiz esku hutsik ateratzen: sabela beteta, tomate pare bat eskuetan eta bertsoren bat buruan.

Eta zauden tokian zaudela, ziur nago, lagun, aurkituko duzula bertsotan ibiltzeko aukera, barazkiak landatzeko baratza eta perretxiku bila joateko mendia.

Faltan botako zaituzte Alkizan eta hutsune handia utzi diguzu hemen, Lasarten. Aio, Imanol!!!