ESKUTITZA

Agur, Olentzero!

Iñaki Arruti Landa 2023ko mai. 19a, 10:10

Berriki hil den Imanol Lizardiri eskutitz eder bat eskaini dio Iñaki Arruti Landa herritarrak. 

“Laister esango da zuecgatik, esaten oi dana gugatik illciran!”. Hilerri zaharreko sarrerako harrian zizelkatutako esaldi hura eta Gure Etxea tabernako “Ona ziok emen! Ez arritu. Beti bezalakoa ziok eta!” dioen paneleko beste hori. Horiek biak omen hituen hi mutil koxkor hintzela herrian euskaraz irakur zitezkeen idatzi bakarrak. Herorrek esandakoa dek, Imanol.

Testuinguru horretan jaio hintzen. Hizkuntza baten galera-prozesuko azken urrats erabakigarria gure herrian gertatzen ari zenean, familia barruko hizkuntzaren transmisioa ia erabat etena zegoen unean. Kalean dena gaztelaniaz, ia etxe guztietan ere bai, anaia-arreben artean ere bai… Eta ama izan huan azken haria: “Kalean nahi dezuena egingo dezue, baina etxe honetan euskeraz egingo da”. Arigunea, antza denez. Jasandako zapalkuntza linguistikoari aurre egiteko azaldutako jokaera irmoa eskertu izan diok amari lehen ere. Mila esker, Itziar.

Harrezkeroztik, ordea, zumitz horiekin egin dituk kontaezinak diren zesto guztiak; xesto goxoak, inondik ere: bat, Gau Eskola; bi, Euskal Eskola Publikoa; hiru, Lasarte-Oria Berreuskalduntzeko Batzordea; lau, Euskara Taldea; bost, Euskal Girotze Barnetegia; sei, Udaleko Euskara Azpibatzordea; zazpi, Olentzero; zortzi, Euskararen Maratoia; bederatzi, Ttakun; hamar, Bertso-eskola…
Hogeita hamar urte baino gehiago dituk, Imanol, “Eta zergatik ez degu Lasarten bertso-eskola bat antolatzen?” galdera egin hidala eta… nola labur harrezkeroztik bizitutakoak? “Earra!” izan dek hire baratzeko uzta, Imanol, Lasartekoa eta Alkizakoa, biak. Hik ere badakik. Ereindakoaz jakitun eta harro joan haiz. Aurtengo udaberriko bertso-saioan bertso-eskolako gazteek “Errima bat falta zait” izenburua duten (eta xestoak izan zitezkeen) poltsak, tote-bag-ak, zizkiaten salgai. Bazekiat orain zein den falta zaigun errima. 

Horixe izan haiz guretzat, Imanol, falta zitzaigun errima. Aurrekoa eta ondorengoa uztartzeko tarteko errima hori, zubiarena, arkupearena, xestoarena egiten zuen errima hori. Hire amaren eta belaunaldi berrien arteko errima, frankismoaren eta gizarte berdinago baten arteko errima, ikastolaren eta eskola publikoaren tarteko errima, ideologia politiko desberdinen bitarteko euskararen errima, euskaldun izan nahi duen erdaldunaren eta izateko nahia eraikitzen ari den euskaldunaren arteko errima. Armairutik atera nahi duten ahobizien eta belarripresten arteko errima. Patxi Etxeberriaren eta errima faltan dabilen gaztetxoaren arteko errima.

Denetan moldatzen hintzen ondo, Imanol. Gai, doinu eta neurri diferenteak izan, faltan egon ohi den errima hori eskaintzen huan beti. Egon behar den tokian eta egon behar den moduan egoten jakitea dek hori. Egoten jakitea edo… izaten jakitea dek hori. Irakaslea izan haiz, Imanol. Irakaslea ofizioz, irakaslea afizioz. Hi izan haizen modukoa izanez esango nikek izan haizela irakasle. Beti ikasiz, entzunez, arituz irakasten duen tipo klase hori. Beti modu onez, zentzuz, balore sendoz, jator, pasioz, ttakunaren doinuaz, biltzera deituz, eskainiz eskatu aurretik. 

Hik ondo ezagutzen dek Olentzero. Agurtu ezak gure partez eta esaiok betirako gordea dugula emandako oparia. Oparia hi izan haiz, Imanol. Estimatua ziok!