Jesus Zaballosek alkate kargua utzi eta PSE-EEko kide Agustin Valdivia Calvo (Lasarte-Oria, 1973) herritarrak hartu zuen udalaren gidaritza. Hiru urte eta erdi "gogor" izan direla nabarmendu du alderdi sozialistako hautagaiak. Hala ere, berriro erronkari aurre egiteko prest agertu da.
Zaila izan da alkategai izendapena onartzea?
Jesus Zaballosek alkatetza utzi zuenean, orduan izan zen zaila erabakia hartzea. Erronka onartu nuen desafioak gustuko ditudalako eta horrelako gauzek aurrera egitera motibatzen nautelako.
Alkatetza hartu eta espero ez genuen egoerari aurre egin behar izan genion; horrek behar nuen esperientzia hartzea ahalbideratu zuen. Udal kudeaketan master bat egin dugu.
Esperientzia hori izateaz gain, nire herriaren alde lan egiteko ilusioa mantentzen dut eta hori guztiagatik ez da zaila izan baiezkoa ematea.
Kargu aldaketaren ostean, alkatetza hartzea erantzukizun ariketa bat zela esan zenuen. Zure kudeaketari jarraipena ematea ere ?
Ni politikan hasi nintzen herriaren eta herritarren alde lan egiteko. Ez nuen alkatetzara iristeko asmorik. Baina postura iritsi naiz eta ahal izan dudan guztia eman dut. Horrek erantzukizuna areagotu du. Kargura iristean egin dezakezun guztiaz konturatzen zara; zure kudeaketarekin herritarren alde egin dezakezun guztiaz. Erantzukizun hori zure gain hartzen duzu eta hori da jarraitzeko dudan arrazoietako bat.
Udal gobernuaren 2019-2023ko legealdiko balorazioa egin beharko bazenu, zer azpimarratuko zenuke?
Oso errepikakorrak gara, baina nik alkatetza hartu eta gutxira pandemia hasi zen. Inor ez zegoen prest egoera horretarako eta udalaren baliabide asko horretara bideratu behar izan genituen. Egoerari aurre egiteko arazoak zituzten herritarrei lagundu genien. Gure proiektuan egiteko zegoena aldea batera utzi eta horretara jarri ginen lanean.
Eta guztia gainditua zegoela zirudienean, Ukrania eta Errusia arteko guda etorri zen eta gure inbertsio plan guztiaren kostua %30 igo zen. Finantziazioa bilatu eta proiektuen kalkulu guztiak berriro egin behar izan genituen. Herritarrei eragin gabe, hau da, zergak eta tasak igo gabe bilatu behar izan dugu finantzazio hori. Inbertsio oso garrantzitsuak ditugu esku artean eta horiei aurre egiteko modua bilatu behar izan dugu.
Horrek guztiak proiektu garrantzitsuek urte eta erdiko atzerapena izatera eraman gaitu. Eta hori da nik alkate bezala eta nire taldeak udal gobernu bezala dugun frustrazioa; baina beste egoera bati egin behar genion aurre, herritarrei laguntzea, eta zentzu horretan oso pozik gaude.
Hori guztiari aurre eginda ere, 2019an aurkeztutako programaren %85 gauzatu dugu. Udalean urtetan enkistatuak egon diren gai askori irtenbidea bilatu diegu, hala nola, Sasoetako edo Erribera kaleko etxabeei, Kale Nagusia 63 eta 75 arteko arazoei… Batez ere, jendeari lagundu diogu. Gizarte Zerbitzuak eta Zerbitzu Publikoak hobetu ditugu. Eta horretan jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik balorazioa oso positiboa da.
Eta zurea pertsonala?
Nik alkatetza hartu nuenean ez nuen buruan horrelako erronkari aurre egin beharko niola. Nik desafioak gustuko ditut baina hau oso gogorra eta zaila izan da. Horrelako egoera bati aurre egiteko ibilbide orririk ez dago. Normalean arazoari konponbidea nola eman badakigu, baina horrelako egoera bat suertatzen denean; zure familiaren egoeraz eta beste 19.000 herritarren egoeraz arduratu behar zara. Oso gogorra izan da, baina horrek pertsonalki garatzera eta hobetzera lagundu dit.
Arazoak izan dituzue beste alderdiekin akordioetara iristeko?
Gu adostasuna bilatzen duen alderdia gara. Beste alderdiekin hitz egiteko prest dagoen taldea gara eta behar denean amore ematen dugu. Negoziaketa bat hori da, ez.
Legealdi honetan akordioetara azkar iristea kosta egin dela esan dezakegu, beste alderdiek borondatea falta zutelako. Erabakiak atzeratzeko joera izan da. Gai guztietan besta alderdien proposamenak eta iradokizunak jaso dira. Ez dira asko izan hori ere esan behar da. Batzordeetan eztabaidatu dira eta lan egin ahal izan dugu euren ideiekin. Baina kostata izan da.
"Alkatetza hartu eta Espero ez genion egoera bati aurre egin behar izan genion"
Inbertsioak aipatu dituzu zure balorazioan eta horietako bat dira kirol instalazio berriak. Noiz izango dira prest?
Atsobakarreko lanak hasi dira. Kontratua sinatzeke dago eta urtebete du enpresak lanak egiteko. Usurbilgo udalak baimen guztiak eman ditu. Enpresarekin lanen gaineko bilerak egin ditugu dagoeneko eta martxan dago.
Michelineko zatiari dagokionez, genituen arazoak konpondu ditugu. Finantzazioa bilatu dugu herritarrei eragin gabe eta udala zorpetu gabe, eta alkate banaiz, egingo dudan lehen gauza uztaileko ohiko lehen udalbatzarrean Michelineko baldintza orriak eta proiektua onartzea izango da. Guztia prest dago horretarako, Hirigintza sailean.
Horren ostean, lanak egiten dituen enpresa aukeratzeko lehiaketa izango da eta urria aldera esleipena. Obrak egiteko bi urte izango ditu enpresak.
Hori finantzatzeko Hipodromo etorbideko etxeak salduko dituzue.
Badakit horregatik kritikatuko gaituztela, baina salmenta hori beharrezkoa da kiroldegiko lanak aurrera emateko eta herritarrek euren ekonomian ondorioak ez izateko. Gainera, proiektu hori herritarren eskaera izan da. Eta horrelako etxebizitza salmentarik gehiago emango ez dela esan behar dugu.
Pandemiaz eta inbertsio faltaz gain, espero ez zenituen bestelako arazoak ere topatu.
Ehunka gai izan dira konpondu beharrekoak. Espero ez zenituenak, balantzea egitean kontuan izaten ez diren gauza txikiak, eguneroko jardunak ekartzen dituenak elkarteek edo herritarrek ekarritakoak.
Hori aberasgarria da. Eta hori da gustuko dudana, herritarrei euren bizitza pixkanaka hobetzea. Ez dira proiektu handiak bakarrik egin behar, gauza txikiak egin behar ditugu eta hori da jendeak nahi duena. Herritarrek kirol azpiegiturak edo etxebizitza politika eskatzen dute, baina benetan zer nahi duten galdetzen diozunean bere etxe pareko zebra bidea ongi margotzea egotea, biloba edo seme-alabekin egoten den parkea egoera onean egotea, bankuak garbiak egotea… Mundu txiki horietako gauzak konpontzea edo moldatzea asko gustuko dut.
Landaberri ikastolako aldapa izan da horietako bat, esate baterako.
Landaberri ikastolako aldapa aipatu duzu, baina ez da hori bakarrik izan. Ikastetxe guztientzako 2.300.000 euro bideratu ditugu. Legealdi honetan eta aurrekoan egindako inbertsioekin herriko ikastetxeak eraberritu dira. Fatxadak, leihoak, estalkiak, patioak… hobetu dira. Guraso Elkarteekin bildu gara eta hurrengo legealdirako ere plan bat egin dugu, aurtengoa baino txikiagoa. Guretzako poztekoa da egun ikastetxeek egindako eskaerak gauza txikiagoengatik izatea.
Landaberriko aldapako eta, batez ere, sarbidearen arazoa konpontzeko lan egin dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideko sailera joan naiz eta Donostiako Udalean ere bi bilera izan ditugu Hipodromoko zubitik ikastolarako dagoen bideko trafikoa murrizteko, baina hitzetan geratu da kontua oraingoz. Gure lana behin eta berriz erankunde horiei gaia gogoratzea da; erantzukizuna beste erakunde batzuena da. Ezin dugu besterik egin.
Orain hockey zelaia egiten ari dira eta kamioiak gure herritik ez igarotzeko eta ikastolako autobusa ez oztopatzeko kontrolatzen ari gara. Oraingoz ez da arazorik izan.
"Sortu diren arazoei aurre eginda ere, 2019ko programaren %85 gauzatu dugu"
Berdintasun teknikariaren kontratazioak ere zer esana eman du.
Behinbehineko berdintasun teknikaria dugu eta lanean ari da. II. Berdintasun plana egiten ari da. Hiru urteko programa bat da.
Paraleloki Udalaren egitura antolatzeko azterketa berria egin dugu, sail guztietan. Alderdi guztiei banatu zaie txostena eta onartzeko dago; bertan berdintasun teknikariaren postua dago.
Beraz, berdintasun plana hiru urtetan egingo du orain dagoen teknikariak eta denbora tarte horretan, azterketa onartu eta postua sortu ahalko da.
Gure aburuz, lehenik Udalaren egitura antolatzeko azterketa egin behar zen; horrek udalaren beharrak zeintzuk diren zehaztu du sail ezberdinetan. Onartuz gero aplikatu eta besteak beste, berdintasun teknikaria izango da udalean.
Hondakinak biltzeko edokiontzien galdeketa eta lur azpiko edukiontziak kentzeko erabakia ere hartu duzue legealdi honetan.
Bai, horrela da. Prozesu luzeegia izan da; pandemiarengatik geldi egon den gaia izan da hori. Esku artean izan ditugun beste hainbat gai bezala.
Baina dagoeneko lur azpiko edukiontziak desagertu dira eta edukiontzi isla berriak jarri ditugu. Errefusaren txartela ere martxan da eta horrekin bakarrik azken bi hilabeteetan hondakinen bereizketan aldaketa eman da herrian. Tasa hobetu da. Hondakinak biltzeko sistema berri honekin hobetu kontrolatu ahalko dugu.
Errefusako edukiontziak ixteko txartel guztiak erabilgarri direla ziurtatzea falta da. Eta horiek ixtean datuak hobetzea espero dugu. Datu horien azterketa egingo dugu eta sistema fintzen joango gara.
Horrez gain, ahal den lekuetan eta San Markosek onartzen duenean, irisgarritasuna hobetzeko edukiontziak jarriko ditugu. Beheko aldean leihoa izango dute eta haur eta pertsona ezinduek hondakinak bota ahal izango dituzte.
Garbigune txikien sarea ere handitzeko asmoa dugu. Herritarrek ongi hartu dituzten jarritako lauak eta sare bat osatuko dugu.
Hondakinekin ari garela, hainbat azterketek diote erraustegiak ingurua kutsatzen duela.
Guk Lasarte-Oriako airearen kontrola egiten dugu eta airearen kalitatea oso ona da. Ez dakigu zergatik eguraldia edo ingurumen baldintzengatik. Eta erraustegia dagoenetik, ez du txarrera egin beraz gaur egun eraginik ez duela esan dezakegu. Gure eginkizuna hori kontrolatzea da. Erraustegiaren kontrola beste erakunde batzuen esku dago, GHK eta Donostiako Udala.
Bestalde, lanpostuak sortuko zituzten Michelin II eta Teresategi guneak geldirik daudela dirudi.
Bi proiektu horiek beraien bidea jarraitzen dute. Guk legealdi honetan eremu horiek garatzeko hirigintza arauak onartu ditugu. Orain eremu horiek kudeatuko dituzten erakunde pribatuei dagokie, proiektuak aurkeztu eta lanak hastea.
Hipodromoko etxebizitzak aipatu ditugu elkarrizketa hasieran, zein proposamen dituzue arlo horretan?
Gure etxebizitza politika argi dugu. Gure herria txikia da eta herritarrei bertan geratzeko aukerak eman nahi dizkiegu.
Gure herrian adin, egoera eta baliabide ezberdinak dituzten herritarrak daude. Jende adindua dago, bere etxea utzi nahi ez dutena eta etxeak behar ezberdinak izan ditzake, energia hobekuntza, irisgarritasun arazoak… Basaundi bailarako auzoan ikusi dugu. Horregatik, eremu txiki horretan laguntzak mantenduko ditugu igogailuak jarri edo etxeko irisgarritasuna hobetzeko edo Eusko Jaurlaritzarekin batera energia eraginkortasuna hobetzeko laguntzak lortzeko lan egin. Horrela herritarrak pozik egongo dira euren etxean gera daitezkeelako.
Gainera, herri txikia garenez, ezin dugu hedapen handia izan. Beraz, etxebizitza hutsak izan behar ditugu kontuan. Azterketa bat egin beharko litzateke. Erroldarik ez duten etxebizitzen datuak ditugu, baina horrek ez du esan nahi hutsik daudenik.
Udala eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlana egin beharko dugu neurri edo pizgarri batzuk zehaztu eta etxebizitza huts horiek alokairuko merkatura ateratzeko. Eta horrek Lasarte-Oriako alokairuen jaitsiera eragin dezake etorkizunean.
Eta azkenik, HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren onarpena dugu. Horrek Kotxeraseko auzoa eraikitzea ahalbideratuko du. 900 etxebizitza izango dira, horietatik 180 alokairuko Babes Ofizialeko Etxeak izango dira. Horiek Eusko Jaurlaritzaren menpe egongo dira.
Bestetik, beste 180 etxebizitza tasatu ere egingo lirateke. Gainerakoak libreak izango dira. Herrian bere diru sarrerengatik etxebizitza tasatu edo babestua eskuratu ezin duten herritarrak badira eta bere herrian geratu eta bizimodua egiteko eskubidea dute horiek ere. Eta gaur egun eskaintza falta dago.
Hori guztia ez da egiten urte eta erdian, epe ertaineko plana da eta HAPOaren onarpenaren eta Eusko Jaurlaritzaren araudiaren zain gaude.
Gainera, gazteei gurasoen etxea uztea ahalbideratuko duen 88 zuzkidura bizitoki egingo dira egungo kiroldegia dagoen eremuan Sei hilabete daramatzagu Eusko Jaurlaritzarekin lanean horretarako. Kohesio soziala bilatzen duen eraikuntza izango da.
Haurtzaindegi berria eta Emakumeen Etxea ere bertan izango dira; eta udaltzainen egoitza ere inguru horretara lekualdatuko dugu.
Lasarte-Oriaren biztanleria hazten ari da; 20.000 biztanleak gertu daude. HAPO berriak horri aurreikusten du?
HAPOa 20.000 biztanle baino gehiagoko hiri baten beharrak asetzeko diseinatu da. Ez dakigu noiz pasa dezakegun 20.000ko langa. Lehengo hilabetean 19.322 biztanle ziren.
Gure plana Lurzoruaren legean oinarritutako Arau Subsidiarioen moldaketa bat da. Gure udalerria txikia da eta HAPOa Kotxeraseko eremura zuzendua dago. 15 urteko iraupena izango du planak eta urte horietan, Lasarte-Oria ezin da gehiago hazi. Kotxeraseko eremuan 900 etxebizitza egingo dira eta ratioa kontuan izanik, 2.500 biztanle izan daitezke auzo horretan. Beraz, 21.000 biztanlera iristea espero da hamabost urte barru.
"Legealdi honetan landu ditugun hiru planak gauzatuko ditugu. Ibilbide orri bat egin dugu"
Horrez gain, programan dituzuen proposamenetatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Kiroldegiaren ostean, Institutotik Zabaleta Berrira eta Kale Nagusiatik Goikaleko gainera doazen igogailuak ditut buruan.
Horrela pandemiarekin galdu genuen urte ete hori errematatuko eta 2019-2023 urteko programa osatuko genuke.
Horrez gain, amaitzear dagoen legealdian, hiru plan landu ditugu: Mugikortasun Jasangarrirako Plana, Energiaren eta Klimaren Plana eta HAPO. Orain horiek gauzatu behar dira.
Ibilbide orri bat egin dugu. Epe ertainerako planak dira eta ez dira legealdi bakarrera mugatzen. Pixkanaka horiek garatzeko pausoak emango ditugu.
Mugikortasun Jasangarrirako Planean, lehenik herritarren arazoak konponduko ditugu. Euren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzen dituzten proiektuak izango dira, igogailuak kasu edo zebra bideak moldatzeko lanak edo kotxeek aparkatzean espaloira ez sartzea topek jarrita. Edo Hipodromo Etorbideko bidegorria errepidera eramatea.
Txirringen erabilera ere sustatuko dugu, herriko bidegorri sarea bukatuko dugu ibai ondoan Oriatik Kiroldegi berrira joango den eremuarekin. Mugikortasuna ere hobetuko dugu garraio publikoaren kontratu berriarekin. Zatarain auzoa lotuko dugu, herriko zerbitzuaren maiztasuna handitu eta larunbatetan zein jai egun berezietan gauez ere autobusak izango dira.
Energiaren eta klimaren planari dagokionez, klima-babesleku sare bat egingo dugu eremu batzuk naturalizatu eta uretako elementuekin. Beroa handia dagoenean herritarrak bertara joan ahal izango dira. Komunitate energetikoa handitzen saiatuko gara eta industria komunitateen sorrera ere bultzatuko dugu.
Eta auzoetan ere inbertituko dugu. Legealdi honetan Basaundi bailara auzoa berritzeko lanak egin ditugu eta Eusko Jaurlaritzako eta Next Generation funtsei esker ia zazpi milioiko laguntza lortu dugu horretarako. Orain Oztaran Arranbide auzoaren txanda da.
Herri bizia dugu eta herriko elkarteak dira horren erantzule. Aberastasun handia dugu kultura eta kirol mailan eta euren ekimenak aurrera eramateko tresnak eman nahi dizkiegu. Horretarako legealdi honetan Michelingo kirol guneko sarrerako eraikinean kirol taldeentzako bulegoak egin nahi ditugu. Bestelako elkarteentzat eta kultura taldeentzat, batez ere, bi eremu izango ditugu batetik Zumaburun Euskaltegi zaharra zena eta Kultur etxean egiten ari diren lanen ostean, kafetegiko eremuan egongo diren hiru gela.
Manuel Lekuona kultur etxea aipatu duzunez, kultura azpiegitura berririk egiteko premiarik ez al dago?
Egungo kultur etxea klasikoa da, 90 hamarkadan horrelakoak ziren. Kulturari loturako bestelako ekipamendu bat behar da. HAPOan dago aurreikusia; Kotxeraseko eremuan kulturarako azpiegitura handia. Ez dakigu zehazki noiz egin ahalko den.
Gure planteamenduan egungo kultur etxean aretoa eta liburutegi handi bat egongo lirateke, horretarako musika eskola eta dantza eskola bertatik ekipamendu berrira leku aldatuko lirateke. Eraikuntza berrian diziplina artistiko ezberdinak egiteko eremua egongo litzateke, erabileren arabera mugikorra eta moldakorra dena. Zumaburuko elizarekin lotua egongo litzateke gainera oinezkoentzako eremu batekin.
Baina errealistak izan behar gara eta hori ez da hurrengo lau urteetan egingo, epe ertaineko zerbait izango da.
"Somoto auzia gainditu behar dugula uste dut. Geroztik hiru alkate izan gara karguan"
Eta berdintasun planaz gain, Gizarte Zerbitzuetan zeintzuk izango dira ildo nagusiak?
Unitate psikosoziala martxan jarriko da. Laster esleituko da. Gazte eta familiekin prebentzioa landu ahalko dugu.
Horrekin lotuta gazteria plana ere egingo dugu. Proiektu polita da eta espero fruituak ematea. Emaitzak epe luzera ikusiko ditugu. Eta horrela lan egitean emaitza politak egoten dira.
Hezkidetza ere landuko dugu ikastetxeekin elkarlanean eta mahai bat sortuko dugu. Baloreetan ere heziko ditugu gazteak…
Udako txokoetan jangela egotea eskatu genuen. Jokin Bidarrairekin eta Gipuzkoako Delegatuarekin Amaia Urcelai jangelako laguntzak udaran ere mantentzeko eskatu genien. Bilera izan genuenean ideia ona iruditu zitzaien, baina bi urtetan aztertzeko denborarik izan ez dutela dirudi. Landaberri-Garaikoetxeako jangela ere eskatu genien, baina ezezkoa izan dugu. Baina lanean jarraituko dugu.
Zerrendako lehen postuetan egungo zinegotziak daude. Haiengan uste osoa duzu.
Konfiantza handia dut nire taldean.
Eurentzat niretzat baino gogorragoa izan da legealdia. Jesus Zaballosekin guztiak aterki baten azpian ginen eta babestuak sentitzen ginen. Nirekin zinegotzi izatea ez da hain erraza izan. Nik arlo bakoitzeko buruak babak eltzetik ateratzea nahi nuen, eurek erabakiak hartzea eta erantzule izatea nahi izan dut.
Herritarrak lasai egon daitezke. Herria ezagutzen dute eta esperientzia dute. Herriarengatik egiten dute lan eta herria maitatzen dute, nik bezala. Beraz, lanean jarraitzea merezi dute.
Legealdi honetan izan ditugun arazoekin gure proiektuak aurrera eraman ahal izan ditugu; haizea aldeko izanda, edonork daki zer egiteko gai izango garen.
2019ko hauteskundeetan bederatzigarren zinegotzia lortzeko zorian izan zineten, aurtengoan posible ikusten duzue?
Herritarrek guregan uste osoa izatea espero dut. Bederatzigarren zinegotzia lortuz gero, aurkeztutako proposamen guztiak aurrera eramateko gai izango gara arazorik gabe. Guk zehaztuko dugu bakoitzaren erritmoa.
Horrela ez bada edo kopurua murrizten bada, negoziatu beharko dugu eta akordioak egin beharko ditugu; beti egin dugun bezala.
Hauteskundeen ostean, 2011. urteko EH Bildu-EAJ paktua berriro ematea posible ikusten duzue?
Zenbakiek ahalbideratzen badute, gerta daiteke. Ezin da inoiz jakin hauteskunde ostean zer gertatuko den.
Baina gure proiektua da herritarrei balio behar diena. Beste alderdi batek gobernua hartu zuenean lau urtez udala geldi egon zen. Beraz, herritarrek bi aukera dituzte, PSE-EE edo udala guztiz geldi egotea.
Azken asteetan Somoto auziko akordioaren berri izan dugu. Zein iritzi duzu?
Auzi horretan epaitzen direnak 2000. urtean hasi ziren eta gaia behingoz gainditu behar dugula uste dut. Ez zen gertatu behar eta epaia dena delakoa izango da.
Geroztik hiru alkate izan gara karguan: Jesus Zaballos, Pablo Barrio eta ni neu, baita lau legealdi ere. Udalak 2010ean neurriak hartu zituen horrelako zerbait berriro gerta ez dadin.
Eragin al dezake horrek hauteskundeetan? Eta auzo berriek edo bozka ematen duten belaunaldi berriek?
Guk nola lan egiten dugun erakutsi dugu legealdi honetan eta ez dugu hauteskundeetan Somoto auziak eragitea espero.
Auzo berriei dagokionez, ez da kanpoko jende asko etorri. Herriko jendea auzoz aldatu dela esan daiteke. Kopuru horrek ez luke eragin handirik izan behar. Ez dakigu zein ideologiakoak diren ere, baina esandakoa, ez dut uste euren bozen eragina hain handia izango denik.
Beti egon dira belaunaldi berriak. Baina arazoa abstentzioa izaten da kasu honetan. Nik herritar guztiek botoa ematea nahiko nuke; horrela gure herriko errealitatea ikusiko litzateke. Zenbat eta herritar gehiago, emaitza garbiagoak. Gazteek boza ez emateak kezkatzen nau. Botoa ematea eskubide bat da, ez da beharra, baina erakundeei zure eskaerak egiteko modu bat da. Nik gazteak parte hartzera animatzen ditut.
GERTUTIK
Liburu bat?
La Reina Roja (Juan Gomez-Jurado).
Filme bat?
Interstellar (C. Nolan).
Musikari bat?
Fangoria.
Zaletasun bat?
Sukaldaritza.
Pertsona erreferente bat?
Nire gurasoak.
Herriko toki gogokoena?
Okendo plaza eta inguruak.
Oporretara joatekotan, nora?
Cascante.
Zer eramango zenuke uharte batera?
Nire familia.