Lasarte-Orian hazi, hezi, lan egin eta bertan eraiki du bere familia eta ingurua Esti Garmendia Arrietak (Lasarte-Oria, 1976). Bere herriak alkategai emakumezkoa berriro izateko nahiak bultzatuta onartu du hauteskunde hauetan EH Bilduren zerrendaburu izatea, eta datozen lau urteetan lanean jarraitzeko prest agertu da. Ez daki zein eserlekutatik, baina zerbait argi badu, bere bidea orain arte bezala herriarentzat eta herritarrekin egingo duela da..
EH Bilduren zinegotzi izan zara amaitzear den legealdi honetan. Zerk bultzatu zaitu aurten zerrendaburu gisa aurkeztera?
Ni alkategai izatea talde lanean oinarritutako prozesu baten emaitza izan da, legealdi honi jarraipena eman nahi dion prozesuarena. Erabaki hau ez da egun batetik bestera hartutakoa. Legealdi honen erdialdean hasi ginen datorrenari begirako lanketa egiten. Prozesu baten barruan gertatu da, bideak ekarri duen ondorioetako bat. Azpimarratu nahi dut taldea aurkezten garela; ni naiz kasu honetan zerrendaburua hauteskundeen egiturak hala eskatzen duelako, baina ekipoa gara.
Emakume bat alkategai; lau hautagaien artean, bakarra. Zein esanahi eta garrantzia du horrek?
EH Bilduren helburua zen eta nirea, pertsonala ere bai. Kargua onartzerakoan pisu handia izan du horrek nigan. Nahi nuen emakume ordezkari bat. Alkategai aurkeztu diren beste hiru alderdietako zerrendaburuak gizonezkoak dira, eta horrek ere adierazten du zerbait. Emakume batek horrelako pausoa ematea ez da hain erraza, ez bada, aurretik udalgintzan aritu edo eremu horretatik gertu ibili.
Zergatik ez da erraza?
Atzeko lanetan aritzen garelako beti, ertzetan. Oraindik ere kosta egiten da emakume bat ardura karguetan irudikatzea. Lantaldeetan, familietan, ordea, oso presente gaude emakumeok. Parte hartzearen zati handi bat gurea da, baina ordezkaritza, aldiz, ez da horren erakusle. Udalgintza, gainera, oso erakunde maskulinoa da; egiteko moduak, erabakitzeko moduak, bozeramailetza… eta hori ez dator bat gure alderdiaren egiteko moduarekin.
Herri eragileetako jarduna feministagoa da. Hala konprobatu ahal izan dut herrigintzan aritu naizenean, baina iristen zara udalera eta topatzen duzu bestelakoa den eredua.
'Maite duzun Lasarte-Oria egingo dugu' da zuen kanpainaren leloa. Maite duzun herria eraikitzeko bidea egingo duzu?
Bai. Ez dago lelo hoberik. Udalak lan egin behar du herritarrentzat, baina herritarrekin. Maite dut Lasarte-Oria eta gaur egun, beste harrotasun batekin esaten dut bertakoa naizela. Maite dugun herriaren alde egingo dugu lan, konpromiso hori bihotzetik hartuz.
Zer aldatu da orain lasarteoriatarra zarela beste harrotasun batez esateko?
Gure herriak ez du zerikusirik beste herri askorekin. Funtzionarazten duten eragile guztiek herriaren nortasuna eraikitzen dute. Ni sentitzen naiz betidanik eta gaurdaino horren parte eta jarraitu nahi dut horrela. Nire bizitza Lasarte-Orian egin nahi dut. Pentsa, herritik kanpo lan egitea egokitu zaidanean, lan horiek utzi eta hemen bilatu izan dut ogibidea. Lasarte-Orian ikasi dut, bertan bizi naiz, nire familia eta lagunak hemen daude... Hau da nire herria.
"EH Bilduren helburuetako bat zen alkategaia emakumea izatea, eta nirea ere bai"
Udal Gobernuaren zein balorazio egiten duzu?
Aitortu behar da ez dela ohiko legealdi bat izan; pandemia tarteko, zaila izan da. Ez dakit aurrekoak nolakoak izan diren, nik azken hau ezagutu dut, eta hori esan dezaket. Udal gobernua noraezean ibili da momentu askotan; jarduerak aurrera ateratzeko ezgaitasuna antzeman dut, eta kudeaketan blokeo handia sentitu.
Gu legealdi osoan zehar aritu gara, etengabe, proposamenak egiten. Herritarren bizitzak hobetzeko edozein neurriren alde lanean, gainerako alderdiekin adostasunetara iristeko prest agertu gara, eta beti ez dituzte gure proposamenak kontuan izan. Legealdi hasieran aldaketa handi bat eman zen udal gobernuan [alkate aldaketa], eta hori ere aintzat hartu behar da.
Eta nolakoa izan da azken lau urteetako zuen balantzea?
Guk ere aldaketak izan ditugu lantaldean. Sekulako ilusio, gogo eta indarrarekin ekin genion bideari, eta barne mailan izugarrizko antolaketa lana sustatu dugu. Uneoro herritarrekin, herri eragileekin elkartu, proposamenak jaso eta haiekin guztiekin egoteko apustua egin dugu, nahiz eta pandemiak dezente zaildu zuen hori. Oso gustura aritu gara elkarrekin lanean. Gelditu dira lanak egiteke, baina hemen gaude, horiei jarraipena emateko prest.
Babestua eta zaindua sentitu naiz. Herriarentzat onena zena uste genuena borrokatu dugu.
Zer nolako lehia aurreikusten duzu?
Ez daukat gertatuko dena jakiteko modurik. Dakidana da, legealdiz legealdi EH Bilduren emaitzak hazten joan direla, eta hauteskunde hauetan ere goranzko joera hori mantentzea espero dut. Herria hazi egin da, biztanle berriak ditugu eta horrek ere eragin bat izango du aurtengo bozketan. Babes handia jaso dut hautagaitzaren berri eman genuenetik, baina horri ere zuhurtziaz begiratzen diot; ikusiko da hilaren 28an zein den emaitza erreala. Datorrenari erantzungo diogu.
Ana Urchueguiak funts publikoak bidegabe erabili zituela jakin dugu berriki. Legealdi honen amaieran edo berriaren atarian iritsi da hori.
Herritarroi ez zaigu gustatzen gure ordezkariek gure dirua behar ez bezala erabiltzea.
Izan dezake gertakari horrek eraginik hauteskunde hauetan?
Gertatu denaren ondoren, eta erantzukizun batzuk oraindik argitzeke geratu direnez, pentsatzen dut PSE-EEren bozkatzaile batzuk haserre eta dezepzionatuta egon daitezkeela. Ikusi beharko da zer gertatzen den.
"Udal gobernua noraezean ibili da momentu askotan; kudeaketan blokeoa sentitu dut"
Gaur egun EH Bilduk lau zinegotzi ditu. Zein helburu duzue hauteskundeei begira?
Ordezkaritza handitzea. Esan bezala, espero dugu herritarren babesak gorantz egitea, eta horrek gure zinegotzi taldea handitzea ekar dezake. Pozgarria litzateke hori, horrek ahalbidetuko baitu eragiteko gaitasuna handiagoa izatea.
2011n gertatu zena errepikatzeko aukerarik ikusten duzu, hau da gobernatzeko oposizioko alderdiek akordioak lortzea?
Aukera bat da. Hainbat eszenatokiren azterketa egin dugu, jarri ditugu gerta daitezkeen egoera ezberdinak mahai gainean, baina halere ezin dugu jakin zer gertatuko den. Edozer gerta daiteke; akordioa egitea, oposizioan mantentzea, eta orain arte bezala lau zinegotziko taldea izaten jarraitzea ere bai. Ikusiko da; aukera guztiak daude mahaigainean.
Herritarren bizitza hobetuko duten neurri eta proposamen guztietan parte hartzea da helburua eta horretarako akordioak egitea ona bada, gu horren alde. Norekin beharrean, zertarako izango da begiratu beharrekoa.
Gero eta biztanle gehiago ditu Lasarte-Oriak. Auzo berrietara bizitzera etorri direnek zein eragin izan dezakete hauteskundeetan?
Hori ere ezin da jakin. Orain lau urte beste egoera batean geunden. Bozka mahaietako tendentziak zeintzuk ziren ikus zitekeen, baina orain ezin da jakin boza berri horiek norentzat izan daitezkeen.
Eta azken lau urte hauetan boza emateko eskubidea bereganatu duten gazteek zein rol joka dezakete?
Gazteak ere EH Bildu osatzen duten lantaldeen parte izan daitezen saiatzen gara. Horietan ordezkaritza izan dezaten nahi dugu eta euren parte hartzea modu naturalean gertatzea. Horiek entzuteko gaitasuna eduki behar dugu eta euren kezkak azaltzeko espazioa eman behar diegu, baina konponbidearen parte ere izan behar dute.
Antzematen duzu politikarekiko atxikimendu falta?
Hori, nire iritziz, da oso zabalduta dagoen uste oker bat. Bizitzaren garestitzearekin eta bizitza eta lana uztartzeko zailtasunen eraginez, gaur egun ez da erraza militantziari denbora eskaintzea. Hala eta guztiz ere, bide honetan hamaika pertsonekin aritu naiz lanean; konpromisoz lan egiteko prest agertu den jendea topatu dut.
"Herritarren oinarrizko eskubideak babestu nahi ditugu"
EH Bilduko zerrendan ikus ditzakegu erronka errepikatuko duten herritarrak, baina berriak ere bai. Nolako zerrenda da zuena?
Herrigintzan, Lasarte-Oriako eragileetan aritu diren herritarrak dira, eta, orain, udalgintzatik ere eragiteko saltoa eman dutenak. Herriaren bizitzarekin kezka adierazi dugun lasarteoriatarrak gara; lanerako prest gaudenak.
2023-2027 legealdiari begira, zeintzuk dira Lasarte-Oriaren erronka nagusiak?
Gure herrian oraindik ez dira oinarrizko eskubideak bermatzen, eta hauek babestu nahi ditugu. Herritar guztiek beraien bizi proiektuak modu duinean eta gozatuz garatzeko aukera izan dezatela da erronka nagusia.
Hortik abiatuta osatu duzue zuen programa?
Bai. Hamabi tituluren gainean landu genuen programa, baina, hori sortzeko garaian, horiek guztiak lau ildo nagusitan bildu ditugu: Herrian ikasi, lan eta bizi; Herri kohesioa; Bizitza bizigarriak eta Herritarron udala.
Berdintasunaren arloaren gabeziak agerian utzi ditu legealdi honek. Nola begiratzen dio EH BIlduk horri? Izango da zuen lehentasunetako bat?
Udalean ez dago berdintasun teknikaririk ezta sailik ere. Hori da gure lehentasuna; gure eskakizun nagusietako bat izan da legealdi honetan. Eman ditugu zenbait urrats. Berdintasun mahai bat jarri da martxan eta diagnosi bat ere egiten ari dira… Baina hutsuneak daude oraindik. Ez dut berdintasunik gabeko bizitzarik ulertzen.
Aste honetan bertan Orion eta Villabonan gertatutako erasoek ere agerian utzi du hutsune hori; udalak ez du inolako mobilizaziorik deitu horiei erantzuteko.
"Herritarrekin erabakiko ditugu eginbeharrak; gureekin eta ezberdinekin"
Enplegua eta jarduera ekonomikoa dira herritarren kezka nagusietako bi. Nola susta daitezke?
Sortzen ditugun lanpostuekin bizi daitezke gure herritarrak? Aukera dute herrian bizi eta bertan lan egiteko? Bizitza eta lana herrian egin nahi duenak badu horretarako aukerarik? Uste dut horretarako okasioa egon behar dela, baina, horretarako azterketa sakona egin behar da. Beste edozein arlotan bezala, uneko egoeraren argazki gordina behar da, horren gainean diagnosi eta plangintza bat egiteko. Nabarmendu nahi dut lau urte hauetan Lasarte-Oriako enplegu mahaia ez dela bildu.
Gazteek kezka dute etxebizitzarekin.
Zailtasun handia dute bizi proiektu bat aurrera eramateko. Horren inguruan ere beraiekin erabakiko dugu, zer behar duten aztertuta.
Oria gain eremuarekin kritiko izan gara beti. Babes Ofizialeko ehun etxebizitzatik gora eraiki asmo dituzte, baliabide gutxien dituztenei edo egoera zaurgarrienean dauden herritarrentzat. Eremu hori zerbitzurik gabekoa da, ez du irisgarritasunik... eta horra bidali nahi ditugu baliabide gutxien dauzkaten herritarrak? Guk ez. Goikalen badu udalak partzelatxo bat horretara bidera dezakeena.
Hipodromo etorbideko udalaren jabetzako eraikineko etxebizitzekin agin asmo dutena iragarri du aste honetan udal gobernuak. Esanguratsua da hartu duen erabakia. Benetan etxebizitza eskubidea bermatu eta erraztu nahi badute, zergatik ez dituzte gazteentzako alokairu sozialera bideratzen? Ba hori ere ez, enkantean saltzea erabaki dute, alegia, gehien dutenen edo etxebizitzarekin espekulatu nahi dutenen esku uztea. Tamalgarria iruditzen zaigu; beste aukera galdu bat.
Kotxerasen eraikiko diren etxebizitzen %40a Babes Ofizialeko Etxebizitzak izango dira, eta hori da justu-justuan legeak derrigortzen duen kopurua da. Ehuneko hori handitzeko aukerak badaude, gauza da legeak behartzen zaituen horretara soilik mugatzen zaren edo herriak zein behar dituen aztertuta jarduten duzun. Udalak badu eskumena hartzen diren erabaki horietan eragiteko. Legeak markatzen duenera bakarrik mugatu nahi duen, edo haratago, beharrei benetako erantzuna eman nahi dien erabaki dezake.
Azterketa, diagnosia behar da, eta horren arabera jokatu. Argi izan behar da zer-nolako herria nahi dugun, ematen diren pausu guztietan horren alde lan egiteko.
Eta alkatetza lortuz gero, zein da hartuko zenukeen lehen neurria?
Zein galdera zaila. Aurrekoaren erantzunaren haritik, esango nuke herriaren benetako argazki bat behar dugula, eguneratua eta herritarrekin egina. Horrekin beharrak non dauden ikusi, eta lehentasunak markatuko nituzke. Dena da garrantzitsua, baina gauza batzuk beste batzuk baino lehenago egin beharko dira. Herritarrekin erabakiko ditugu horiek denak. Nola gauden, nora goazen eta horra iristeko zer egin behar dugun izango da aztertu beharrekoa. Hori guztia lasarteoriatarrekin; gureekin eta ezberdinekin.
GERTUTIK
Liburu bat?
Zomorrotu (Aintzane Usandizaga).
Filme bat?
Avatar (James Cameron).
Musikari bat?
El Drogas.
Zaletasun bat?
Antzerkia egitea.
Pertsona erreferente bat?
Nitaz erditu zen ama.
Herriko toki gogokoena?
Atsobakarreko zelaian dagoen enbor moztua.
Oporretara joatekotan, nora?
Senegalera.
Zer eramango zenuke uharte batera?
Familia eta lagunak.