Buruntzaldea IKTko igerilariak podiumera igo dira hitzordu ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 18a, 14:55
Ordiziako I. Sarian parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilariek Ordizian eta Berlinen izan zituzten hitzorduak. Domina, errekor eta gutxieneko markak pilatu dituzte bi lehiaketetan

Ordiziako I. Saria jokatu zen hilaren 13an, Ordiziako Majori igerilekuan eta Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutu mailako zazpi igerilari izan ziren lehian: Ane Meyer, Mayi Gorostegui, Miren Sarobe, Garazi Etxeberria, Unai G. Somovilla, Alba Escribano eta Amaiur Iparragirre.

Lehiaketan kirolari guztiek lau estiloetako 100 metroko proba guztiak zituzten aukeran igeri egiteko; horietako bi probetan eskuratutako FINA puntuen batura kontuan izanik, kategoria bakoitzeko sei igerilari onenak finalerako sailkatzen ziren. Azken fase horretan, banakako 200 m. estilo probak erabakiko zuen domina nork eskuratzen zituen.

Igeriketa taldeko kideak txukun eta gogoz aritu ziren; emaitza aipagarrienak honakoak dira:

  • Garazi Etxeberria bizkar eta libre erako 100 metrokoetan nagusitu eta junior mailan lehen postuan sailkatu zen finalera. Ondo defendatu zuen bere postua lau estiloetako 200 metroko saioan eta urrezko domina jantzi zuen.
  • Miren Sarobe bere marketatik gertu ibili zen eta horri esker, junior mailan hirugarren sailkatu zen finalerako. Lau estiloetako 200 metrokoan postu bat aurreratzea lortu eta zilarrezko domina eskuratu zuen.
  • Amaiur Iparragirrek 100 m. tximeletan (01.31,7), proba horretako 50 metroko pasean (44,30) eta 100 m. librean (1:13.62) marka pertsonalak egin zituen. Era berean, 100 metroko saioetan Gipuzkoako Udako txapelketarako gutxienekoak lortu zituen.
  • Ane Meyerrek ere igeri egindako bi probatan marka pertsonalak egitea lortu zuen: 100 m. bular (02.00,30) eta 100 m. libre (01.21,06).
  • Alba Escribanok bizkar estiloko 100 metrokoan (01.24,96), proba horretako 50 metroko pasean (42,00) eta 100 m. libre proban (01.09,43) ondu zituen bere marka pertsonalak.

Miren Sarobe (ezkerrean) eta Garazi Etxeberria (erdian), junior mailako podiumean. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Berlinen, urrea eta errekorrak

Bestalde, maiatzaren 11tik 14era bitartean, Nahia Zudaire taldekidea Berlinen, Alemanian izan zen Espainiako selekzioarekin 37. IDM Berlin Txapelketan lehian.

Lau egunetan zehar bakarkako sei probatan  – estilo libreko 100 m., 200 m. eta 400 m., 100 m. bular, lau estiloetako 200 metroko proba eta 50 m. tximeleta – eta erreleboetako 4x100 m. libre saioan aritu zen Zubietako igerilari gaztea.

Proba guzti horietatik batean izan ezik, finalera sailkatzea lortu zuen Zudairek eta horrez gain, hiru marka pertsonal eta  Espainiako bi errekor berri ere egin zituen: 

  • 100 m. bular proban, kanporaketa saioan (01.40,73)  zein finalean (01.38,30) bere marka pertsonala ondu. Azken horri esker, SB7 kategoriako Espainiako errekorra gainditu zuen.
  • Proba horretako finalean, 50 metroko pasean bere erregistrorik onena egin zuen (46,47) eta SB7 kategoriako Espainiako errekor berria ezarri zuen.
  • Lau estiloetako 200 metroko proban ere marka pertsonala egitea lortu zuen, 02.58,57.

Gainera, aipatu moduan, 4x100 m. libre erreleboan ere parte hartu zuen eta bere taldekideekin batera, txapeldun izan ziren. Urrezko domina eskuratzeaz gain, Espainiako errekorra ere ondu zuten.

Nahia Zudaire (erdian, bigarrena eskuinetik), 4x100 m. probako podiumean. Arg.: Buruntzaldea IKT.