Hurrengo alkatea Jon Antxordoki Rekondo (Lasarte-Oria, 1982) bada, hau izango da hartuko duen lehen neurria: udaletxeko langileekin bildu eta haien beharrak entzun, lan egiteko eta antolatzeko modua aldatzeko gero.
Zerk animatu zaitu aurkeztera?
Gainerako alderdiek ez dakit nola egiten duten, baina EAJn ez du hautagaiak aurkezten bere burua. Gure kasuan, Lasarte-Oriako Batzokiak erabakitzen du nork hartzea nahi duen ardura hori eta, pertsona horrek baietz esaten badu, Gipuzkoa Buru Batzarrak berresten du erabakia gero.
Proposamena jaso bezain laster esan zenuen baietz?
Pentsatu izan dut noizbait amaitzear dagoena izango zela nire azken legealdia, udaletxean aritzeaz gain beste gauza askotan nabilelako eta denboraz ez horren liberatuta, baina nahikoa azkar hartu nuen erabakia. Gogoz eta ilusioz ari naiz ordutik, pozik eta eskertuta nago aukeragatik. Beste alderdiekin alderatuta berandu hartu genuen erabakia, baina lasai geunden denok.
Zure egunerokoa asko aldatuko du?
Beraiekin hitz egin nuen alkategai izatearena onartu aurretik, aita izan naiz berriki; aurrera egiteko esan zidaten. Ezagutzen naute, eta badakite horrelakoa naizela, saltsa askotan sartuta nabilela.
"Gaztetasuna eta eskarmentua" uztartu dituzue zerrendan. Lehen postuetan kide berri gehiago daude esperientziadunak baino.
Taldea berritu egin dugu, pentsatu dugulako iritsi dela horretarako momentua. Estitxu Alkortak hogei urte zeramatzan zinegotzi eta erretiratzeko gogoa zuen. Pena handiz, baina erabaki bera hartu du Boris Nogalesek, nekatuta egoteaz gain herrigintzari ezin ziolako lehen bezainbeste denbora eskaini, bere lanagatik.
Pertsona gazteak dira herriaren etorkizuna, zalantzarik gabe. Mundu honetan murgiltzea eta horri buruz ikastea nahi dugu, alderdian ere erreleboa har dezaten. Ez dit beldurrik ematen lehen postuetan doazen batzuk berriak eta gazteak izatea, talde zabala dugulako herrian nahiz Gipuzkoan. Bizkarra babestuta dugu zentzu horretan, jende asko dugulako laguntzeko eta aholkuak emateko prest, aditu sare zabala dugu alderdian. Estitxu [Alkorta] eta Boris [Nogales] ere bai, ziur.
"Taldea berritu egin dugu, horretarako unea iritsi delako; ikasi eta erreleboa hartu behar dute"
Ate joka ditugu hauteskundeak eta amaitzear da legealdia. Nola aritu da udal gobernua?
Paralisi egoera batean egon da; gauzak egin ditu, ez denak txarrak, baina askotan berandu, aitzakiak jarrita... Antolakuntza eta lidergoa falta izan zaie. Duela bi hilabetera arte pentsatzen nuen Correos inguruko [Geltoki kalea] espaloietako lanak bakarrik egin zituela. Orduz geroztik eta hauteskundeak hurbildu diren heinean, ahalik eta zulo gehien estaltzen saiatu da, lanak egiten, belarra motz-motz uzten.
Pandemia erabili izan du udal gobernuak aitzakitzat, baina egoera hori denok sufritu dugu, udalaren paralisiaren erantzulea ez da koronabirusa, udal gobernuaren anbizio eta lidergo falta baizik. Alkate honekin zailagoa izan da negoziatzea eta proiektuak aurrera eramatea. Batzuetan erdi mehatxuka ibili behar izan dugu, gauza bat onartzen ez bazuten besteren batean gure babesa emango ez geniela esaten... Nekagarria da horrela ibiltzea, denon lanorduek asko balio dutelako, eta ikusten duzunean ez dutela ezertarako balio...
"Itzain aritu gara udal gobernuarekin, akuiluarekin atzetik, lan egiteko eskatzen etengabe"
Eta nola lan egin du EAJk?
Guk gurea egin dugu, udal gobernuarekin adostasun eta akordiotara iritsi, baina oposizioa egin ere bai. Irudipena dut itzain aritu garela, akuilua hartu eta haien atzetik, lana egin eta hitzartutakoak aurrera eramateko eskatzen etengabe, eta, hala ere, konpromiso ugari ez dituzte martxan jarri. Gorputz txarra utzi dit horrek; negoziatzea eta tratuan aritzea asko gustatzen zait, baina emandako hitza ez betetzeak amorratu egiten nau.
Egiteke geratu den horretatik zerbaitek amorratu zaitu bereziki?
2021eko aurrekontuak onartu genituenean jasotako egitasmoak hartu genituen, 48 ziren, eta 30 geratu dira egin gabe. Ikaragarria da.
Bigarren legealdiz jarraian, udaleko Euskara sailaren burua izan zara.
Oso-oso gustura aritu naiz saileko teknikariekin lanean, taldean bikain aritzen dira. Harreman goxoa dugu, familia txiki bat osatu dugu. Egia da legealdi honetan aldaketak izan ditugula, Zerbitzuko burua zen Iñaki Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiak fitxatu zuelako. Aitortza moduko bat izan zen departamentuarentzat, langile apartak ditugula erakusten duelako. Maite Zipitria etorri zen gero eta duela hiru hilabetera arte ederki aritu gara berarekin. Orain etxeko arduradun bat dugu, Aitor Unanue.
Egin ditugunetatik amaitu berri den XV. Udaltop aipatuko nuke, oso txukuna izan da, eta jakina, Euskararen 10. Maratoialdia. Euskal geruza ikaragarri bati esker atera dugu aurrera, ez guk bakarrik. Domina herri osoari jarri behar diogu.
Garbi utzi duzu oso gustura aritu zarela Euskara sailean. Aukera izango bazenu, jarraituko zenuke?
Ez dakit, ikusiko dugu zer gertatzen den. Esan bezala, oso eroso aritu naiz eta ez nuke beste sail baten ardura izateagatik aldatuko. 2015ean galdetuko bazenit, Zerbitzu Publikoetara joango nintzatekeela esango nizuke ziur asko; betidanik gustatu izan zaizkit obrak.
2019ko hauteskundeetan hiru zinegotzi lortu zenituzten. Aurtengo helburua zein da?
Emaitza errepikatu eta laugarren zinegotzia lortzen saiatzea.
Azken bi legealdietan bezala PSE-EErekin akordioa egingo duzue ala beste alderdiren batekin?
Herriarentzat ona bada berdin zait tratua norekin egin, egia esan. Goitik zer esaten diguten, horrek ere garrantzia izango du.
Ana Urchueguiaren aferak eragin du sozialisten eta zuen arteko harremanean? Balizko akordio bat baldintza dezake?
Ez, ez dugu horrela hartu. Lasarte-Oriako taldeak baino, Gipuzkoako eta Euskadiko PSE-EEk eskatu behar die barkamena herritarrei. Patxi Lopez lehendakari ohiak esan zuena, kazetariek zutela interes berezia Ana Urchueguia kaltetzeko... Iñigo Urkullu ez dut ikusten horretan sartzen, adibidez. Etxe handi guztietan daude bekatariak; gurean pasa denean, alderditik bota dugu pertsona eta gero galdetu. PSE-EEk alderantzizko bidea egin du.
Hori bai, iruditzen zait Urchueguiarenak kalte egin diezaiokeela PSE-EEri hauteskundeetan. Ikusiko dugu.
Hauteskunde programa herritarrekin batera egin duzue.
Hori da, eta ez etxeko jendearekin bakarrik. Gure pentsakeratik gertu egon ez daitezkeenekin ere elkartu gara. Uste dut hori dela bidea ondorio onak atera eta hobetzeko; gertukoek esaten dizute ederki ari zarela lanean eta dena ongi egiten duzula.
Aurreko legealdiko programako proposamen asko sartu ditugu programan, antzekoa da, udal gobernuarekin hitzartu arren egitasmo horietako asko ez dituelako aurrera eraman.
"Programa ez dugu etxekoekin soilik prestatu; uste dut hori dela hobetzeko bidea"
Enplegua izan ohi da beti herritarren kezka nagusietako bat.
Herrian bizi bakarrik ez, lan ere egin behar dugu eta uste dut beharrezkoa dela industrialdea berritzea. Udalak horretan jarri behar du eta egoera nolakoa den ikertu, hasteko.
"Beharrezkoa da lasarte-oriako industrialdea berritzea, egoera zein den ikertzea"
Kotxerasen kultur etxe bat eraikitzea eskatu izan duzue. Hori aldarrikatzen jarraituko duzue?
Kultur etxea baino, kultur gune bat egokiagoa iruditzen zaigu. Aproposa da herri kohesioa indartzeko, Kotxeras eta ondoko auzoak erdigunearekin batzeko.
Zer gehiago egin nahi duzue?
Plazaola bidearekin gertatzen dena konpondu. Inori ez litzaioke buruan sartuko Donostiako Alderdi Eder parkeko eremu bat pertsona baten jabetzakoa izatea, ezta? Bada, zergatik Plazaolan bai? Oraindik bereak ez diren partzelak erosi behar ditu udalak.
Bestalde, oinezkoentzat jarri behar dugu Kale Nagusia, ez bat-batean ziur asko; aldaketaren hastapenetan aukera emango nieke autobus eta anbulantziei bertatik pasatzeko, adibidez. Mugikortasunari lotuta, baita ere, auzo aldapatsuetan bizi diren bizilagun guztientzako igogailuak jarri behar ditugu.
Berrikuntza moduan, animalien ongizatea bermatzeko premia jaso dugu programan. Lege berriarekin neurri gehiago jarri beharko ditu martxan udalak. Parke bat egitea proposatuko dugu haientzat; zenbait gune apropos identifikatuta ditugu.
Horrez guztiaz gain, uste dut ez dugula ahaztu behar baserritarrez; haiek ere lasarteoriatarrak dira. Garrantzitsua da nora goazen zehaztea, baina nondik gatozen gogoratzea ere bai. Proposamenak egin izan ditugu zaborraren kudeaketari buruz, herrira jaisteko taxiak jartzeko ere eskatu genuen... Ahal dugunean lagunduko diegu.
Udal gobernuarekin kritikoak izan zarete Atsobakarren kirol eremua egiteko proiektuaren harira. 250.000 euroko dirulaguntza bat galdu izana leporatu diezue obrak 2020an ez hasi izanagatik.
Kudeaketa txarraren ondorioa da hori ere, dirulaguntza eskatzen dugulako proiektua zehaztuta izan baino lehen; guk beste era batera egingo genuke hori. Herritarrek ez dakite horrelako kontuetan dirua gal dezakeela udalak, eta, noski, deialdien bidez finantzatzen ez duena beste nonbaitetik atera behar du gero.
Albiste izan dira berriki Hipodromo etorbideko 39na pisu nahiz lokalak eta lau garajeak. Udalak lehiaketa baten bidez besterentzeko prozesuari ekin dio, kiroldegi berriaren proiektuaren zati handi bat finantzatu ahal izateko. Zer iruditzen zaizu?
Bere garaian, etxebizitza horiek saltzearen alde eta beste batzuk beste toki batean eraikitzearen alde egin genuen, Alokabideren bidez babes ofizialeko alokairu moduan jartzeko. Era berean, kiroldegi berria oso premiazkoa da herritarrentzat, zaharkitua dago eta txiki geratu da. Horrelako proiektu bat ezin du kreditu bidez bakarrik finantzatu udalak, diru iturri gehiago behar ditu, eta Hipodromo etorbidekoa da aukera bakarra. Beraz, alde gaude.
Hori esanda, oso gaizki iruditu zait kanpaina betean iragarri izana hori, elektoralismo hutsa da. Pil-pilean dauden beste gai batzuez ez hitz egiteko egin du hori udal gobernuak baina tira, ez naiz horretan sartuko.
Berdintasun teknikariaren kontua izan da legealdiko arretagune nagusietako bat. Nola kudeatuko luke hori EAJk?
Berdintasun teknikari bat behar dugu aurretik eskatu izan dugun baldintzetan, ez formakuntza duen gizarte langile bat. Deskafeinatua izan da udal gobernuak egin duena. Uste dut arazo larri bat duela Gizarte Zerbitzuekin, oro har. Sail horren kudeaketa oso-oso eskasa da. Ez dut esango sailburu aldaketa batek arazo guztiak konponduko lituzkeenik, ez naiz hori baieztatzera ausartzen, baina eragiten du: pertsona batek urte asko daramatzanean kargu batean ohitura txarrak har ditzake lana egiterakoan.
HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria prest dago. Gustura dago EAJ emaitzarekin?
Ez. Negoziazio amaiezinak izan ditugu PSE-EErekin, ez gara akordioetara iristen. Kotxerasen, Oria ibaiaren ondoan hamabost pisuko etxeak eraikitzea ez da beharrezkoa, astakeria bat da. Bestalde, Oria Gaineko eremuan eraikitzea aurreikusten duten alokairu sozialeko ehun etxebizitzak ezin dira isolatuta geratu; inguru hori auzo bihurtu behar dugu. HAPOaren akordioa garaipen handi gisa saldu dute PSE-EEk eta ELOPek, baina legea bete besterik ez dute egin.
Alkate izango bazina, zein litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?
Udaletxeko langileekin bilera bat egingo nuke eta esateko duten guztia entzun. Irabazi asmorik gabekoa, baina enpresa bat da udala azken finean, eta kudeatzeko ereduak hala behar luke nire ustez. Langile fin asko ditugu baina erreta daude. Estabilizazioa falta da, adibidez.
Antolaketa plan oso egoki bat onartu du udalak legealdi honetan, baina, beste behin, horren kudeaketa da arazoa. Langileei proposamena erakusteko bilera bat egin zuen, baina galderarik onartu gabe. Surrealista da.
GERTUTIK
Liburu bat?
Palabra de Iñaki (Iñaki Anasagasti).
Filme bat?
Secretariat (Randall Wallace).
Musikari bat?
Xabier Lete eta Erramun Martikorena. Garaikideago bat, En Tol Sarmiento taldea.
Zaletasun bat?
Zaldiak.
Pertsona erreferente bat?
Lester Piggott jockeya.
Herriko toki gogokoena?
Brigitarren komentu ingurua.
Oporretara joatekotan, nora?
Etxekoekin batera banoa, edozein tokitara.
Zer eramango zenuke uharte batera?
Barku bat, bueltan etortzeko.