Errigoraren 2.027 litro olio eta 365 kontserba sorta banatu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 18a, 09:00
Errigorako Lasarte-Oriako Taldeko boluntarioak, Ttakunenean.

Errigoraren udaberriko kanpainaren balantzea egin du Lasarte-Oriako boluntario taldeak. Herritarrek 773 eskaera egin dituztela jakinarazi dute eta eskerrak eman dizkiete Nafarroa Hegoaldeko ekoizleak eta euskara bultzatzea asmo duen egitasmoari babesa emateagatik.

Lan eta lan ibili da Errigorako Lasarte-Oriako Taldea egunotan, Ttakunenea elkartean, Errigorako produktuak lasarteoriatarrei banatzen. 773 eskaera egin dituzte orotara herritarrek, 2.027 litro oliba olio eta 365 kontserba kutxa. Euskal Herri osoan 9.000 pertsonak erosi dute produkturen bat. "Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko akuilu izango da", adierazi dute boluntarioek.

Errigoraren balioak

Errigoraren aurtengo udaberriko kanpainaren ardatza egitasmoaren berme zigilua nabarmentzea izan da. "Hamarkada bateko lanaren emaitza da, baina bide berri baten abiapuntu ere izan nahi du". Proiektuaren balioak nabarmendu dituzte eta herritarren erantzunak "hunkitu" egin ditu: "Ziurgabetasuna eguneroko ogi dugun garaiotan, elikadura burujabetzara eramango gaituen bide luzea argitzeko 9.000 su txiki baino gehiago piztu zaizkigu". 

Pozarren daude boluntarioak eta Errigorako antolakuntzako kideak, ikusi dutelako "gero eta handiagoa" dela "komunitatearen dirdira". "Ez gero eta gehiago garelako soilik, baizik eta urtetik urtera kitzikagarriagoa delako gure ekoizleen adorea, gure boluntarioen kemena eta gure kontsumitzaileen konpromisoa. Biba gu!".