'Kirol inklusiboa eta egokitua' hitzaldiarekin hasiko dira 40 urteak ospatzen

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 18a, 11:49
Gaztetxo batzuk, kirol egokitua nolakoa den probatzen, iazko denboraldi amaierako festan.

Ostadar SKT kirol elkartea gaur arratsaldean hasiko da 40. urteurrena ospatzen, solasaldi honekin: Kirol inklusiboa eta egokitua. 19:00etan izango da, kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Astebete geroago, Ostadarretik pasa diren kirolari nabarmenenak saioa egingo dute, toki eta ordu berean, eta ekainaren 1ean, Emakumea eta kirola. Hitzaldi hori ere 19:00etan hasiko da baina Antonio Mercero guneko hitzaldi aretoan aurrera eramango dute. 

Antolatzaileek aurreratu dute solaskide hauek guztiek parte hartuko dutela hitzaldietan: Ainhoa Arruti, Javi Camacho eta Jurgi Olasagasti (Kirol egokitua eta inklusiboa); Iraia Iparragirre, Ander Bardaji, Aitor Manso, Mikel Martija, Ander Goenaga, Xuban Santin, Naroa Furundarena, Itxaso Garcia, Jon Ibisate eta Asier Sagasti (Ostadarretik pasa diren kirolari nabarmenenak); eta Leire Garcia, Carmen Laso eta Manoli Zumeta (Emakumea eta kirola). 

"Dokumentazio lan izugarria" argazki erakusketarako

40 urte hauetan Ostadarren aritu diren kirolariak zenbaezinak badira, kirol elkartearen artxiboko irudiak ere bai, ia-ia. "Dokumentazio lan izugarria" egin dute argazki erakusketa eder bat atontzeko: hilaren 26tik ekainaren 2ra jarriko dute, Antonio Mercero gunean, 18:00etatik 20:00etara. Klubaren ibilbideko hainbat mugarri erakutsiko dituzte: sorrera, kirol lorpen azpimarragarriak eta, batez ere, "kamiseta urdin-beltza jantzi duten herritarrak, aspaldikoak eta gaur egungoak". 

Urtemuga biribiltzeko, denboraldi amaierako festa egingo dute ekainaren 3an, 11:00etatik aurrera, Michelingo frontoian. Urtero legez, Auzolan eta Kirolari Onenaren sariak banatuko ditu Ostadarrek, eta, ondoren, sail bakoitzak taldeetako jokalari jatorrenei aitortza egingo die. Egitarauan badago berrikuntzarik, izan ere, 40. urteurrenaren harira talde argazki erraldoi bat aterako dute kirolari guztiekin. Bukatzeko, jan-edana izango dute Beltzak errugbi eskolakoek antolatutako hirugarren denboran. 

Oroigarri gisa, giltzatako bereziak atera ditu Ostadarrek. Erosi nahi dutenek kirol elkartearen bulegoan (Geltoki kalea, 25) izango dute aukera eta baita denboraldi amaierako festan ere, 2 euroren truke.