LOKEko alebinak podiumeko gorenean izan dira eskolarteko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 17a, 11:30
Alebin C mailako Landaberri 1 eta Laia Suberbiola eta Aiala Jimenez, podiumetan. Arg.: LOKE gomnastika

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) eskolarteko mailako gimnastek hitzordu garrantzitsua izan zuten hilaren 13an, Gipuzkoako txapelketa. Infantil mailako kideak goizean eta alebinak arratsaldean lehiatu ziren Bergarako Labegaraieta kiroldegian. Alebin C mailako Landaberri 1 taldea eta Laia Suberbiola-Aiala Jimenez bikotea podiumeko gorenean izan ziren 

Infantil mailako gimnastek eman zioten hasiera Gipuzkoako txapelketako jardunaldi bikoitzari. LOKE 1 eta LOKE 2 taldeek parte hartu zuten finalean eta zortzigarren eta hamaikagarren postuetan amaitu zuten lehia.

Arratsaldean, aldiz, alebin B eta C mailako kideen txanda izan zen.

C kategoriako lehian bi talde izan ziren Landaberri 1 eta Landaberri 2 eta biak izan ziren lehen postuetan. Landaberri 1ek lehen postua eskuratu zuen eta Landaberri 2 laugarren izan zen.

B kategorian, aldiz, Landaberriko taldea eta bikotea izan ziren. Taldeak bederatzigarren postuan amaitu zuen saioa;  Laia Suberbiola eta Aiala Jimenez gimnastek osatutako bikotea, berriz, podiumeko gorenera igo zen. Bakarkako lanetan garaile izan ziren biak; soka lanean Jimenez eta esku libre lanean Suberbiola.

LOKEko arduradunak pozarren daude lortutako emaitzekin eta podiumeko postuek ezustekoz harrapatu zituela onartu dute. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiete gimnastak animatzera joan ziren gurasoei.

Eskolarteko Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten alebinak (ezker) eta infantilak (eskuin). Arg.: LOKE