Etxebizitzaren gaiaz hitz egin du Miguel Angel Tolosak. Nabarmendu du, Donostiako etxebizitza turistikoen eskari handiak, salmetarako edota alokairuko etxebizitzen prezioak igotzea eragiten ari denez, hiriburu horretako bizilagun askok inguruko udalerrietara joan behar izaten dutela bizitzera, gehiegizko prezio horiei aurre egin ezin dietelako. Gaineratu du, presio horren zati handi bat Lasarte-Oriara iristen ari dela.
Adierazpen horiei jarraiki, adibideak ere eman ditu: "Goiegi, Zabaleta Berri eta Zatarain auzoetan etxebizitza berriak eraiki diren arren, prezioek gora egin dute etengabe". Datuak ere eskaini ditu: "Pandemia aurretik 220.000 eurotan eros zitezkeen pisuak; gaur egun, ordea, ez dira 300.000 eurotik jaisten. 3 urtean soilik % 25eko hazkundea gertatu da".
Etxebizitzen prezioak gorantz bultzatzen dituzten beste bi faktorez ere hitz egin du. Batetik, herriaren inguruan instalatzen ari diren enpresei egin die erreferentzia: "Erraustegia dagoen industrialdean, etorkizuneko kartzela eraikitzen ari dira. Aldundiaren zentro bioklimatikoa ere bai, eta elektromugikortasuneko enpresak baita ere. Horiek Lasarte-Orian bizi nahiko duten pertsona gehiago ekarriko dituzte".
Bestalde, herrian ugaritzen ari diren ostatu eta pisu turistikoez mintzatu da, eta proposatu du udal ondarearen salmentetatik lortzen den dirua "etxebizitza erosteko soilik" erabiltzea, horiek alokairu sozialera bideratzeko: "Kotxeras eremuan aurreikusita dauden udalaren jabetzako etxebizitza guztiak alokairu sozialera bide daitezela, baita erakundearen jabetzako etorkizunean egon daitezkeen guztiak ere".
Oria Gain eremua
Lasarte-Oriako Udalak Oria Gainen gazteentzako eta adinekoentzako alokairu sozialeko ehun etxebizitza eraikitzeko proiektuaren "jarraipen zehatza" egingo dutela ere nabarmendu du, eta, gaineratu, proiektu hori 2019ko udaletako kanpainan iragarri zen arren, lau urte hauetan "erabat geldirik" egon dela.
Hurrengo udal aurrekontuetan, Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren babesean hutsik dauden etxebizitzak erregistratzeko administrazio prozedura abiaraziko duen pertsona bat kontratatzeko partida bat sartuko dutela ere jakinarazi du Tolosak, eta, argitu, horren helburua zein den: "Xede nagusia jabeei, nahi izanez gero, beren etxebizitzak alokairuan jartzen laguntzea da, udalerrian eskaintza zabalduz".
Egungo kiroldegiaren lursaila (berria eraiki ondoren) adinekoentzako eta gazteentzako bizitokiak eraikitzeko erabiliko dutela esan du, horien bitartez, "belaunaldien arteko harremanak errazteko". Horrez gain, etxebizitza hutsen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekargua %100eraino igotzeko nahia agertu du, hori aplikatzeko neurriak hartuko dituztela ziurtatuz. Etxebizitzaren behatoki bat sortuko dutela ere iragarri du, horren bitartez "udalerriko etxebizitzaren egoera eta bilakaera" aztertzeko.
"Ez da beraien negozioa, gure herria da"
Udalerriekin negozioa egiten dutenen aurrean, herritarren eskubideak bermatzeko ari direla lanean azpimarratuaz amaitu du agerraldia: "Tokiko politika zerbitzu gisa baino ezin da sortu, inoiz ez negozio gisa. Guk eliteei, espekulatzaileei, funts putreei, bankuei aurre egiten diegu".