Zortzi urteko Coco gaztearen eta familiako kideen bidez, haurren transexualitatearen gaia jorratzen du Urresolaren lehen film luzeak. Azaldu du Ekai Lersundi gazte ondarrutarrak bizitakoak bultzatu zuela ikus-entzunezko hori prestatzen hastera: "Familian eta eskolan onartuta bazegoen ere, zailtasun izugarriak izan zituen bera sentitzen zen bezalakoa izateko. Errealitate gogor hori ikusarazte aldera, bere buruaz beste egin zuen, gertatutakoak transexualitatearen gaia fokuan jarriko zuelakoan, ordura arte apenas hitz egiten baitzuen gizarteak horri buruz. Lortu zuen", azaldu du zuzendariak. Gertakari horren berri izan eta gero, Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartera hurbiltzeko beharra sentitu zuen, eta elkarrizketa ugari izan zituen bertako kide diren familiekin, gero bere istorioari forma emateko. "Eskerrak besterik ezin dizkiet eman, haien intimitatearen ateak ireki zizkidaten".
Sofia Otero gazteak interpretatu du Cocoren pertsonaia. Urresolari oso pertsona "alaia eta distiratsua" iruditu zitzaion castingaren aurreneko deialditik, baina ez zuen berehalakoan aukeratu, bosgarrenean baizik. "Orotara 500 bat neska etorri ziren eta jabetu nintzen Sofiari ez geniola pertsonaiaren eszena zehatzen probarik egin. Egun horretan pasa zena oso berezia izan zen, oso agerikoa izan zen berarekin nuen komunikazio kanala oso heldua zela, aktore formakuntzarik ez duten pertsonekin dudan irizpide bakarra hori da". Aktore gaztearekin lan egitea "oso atsegina" izan dela adierazi du.
OZTko kide Mikel Yarzak gidatu zuen elkarrizketa eta zertxobait kostata, baina hasierako lotsak kendu eta ikus-entzuleetako batzuek galderak eta iruzkinak partekatu dituzte Urresolarekin.