Txarretik festa atera dute Iñigo de Loiola kaleko bizilagunek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 13a, 21:06

Iñigo de Loiola kaleko bizilagun elkarteak antolatutako festa aurrera eraman dute larunbatean. Egun osoko egitaraua prestatu zuten, baina eguraldi txarra dela eta, Oriarte Landaberriko jolastokian egin behar izan dituzte ekimen gehienak. Ez dirudi gehiegi inporta izan zaienik, hala ere parte hartze zabala izan baitu jaiak.

Pandemiak eragindako etxealdian sorburu du festak. Kale gehien-gehienetan bezala, Iñigo de Loiolako bizilagunak balkoira ateratzen ziren eta ordu luzeak arintzeko jarduerak egin zituzten, tartean, musika jartzen zien DJ bat zegoen. Hala, elkar ezagutu eta lagun egin ziren. Ohikora bueltan, Ilbe elkartea sortu zuen talde batek eta urtean behin hura gogoratzeko festa bat egitea erabaki zuten. Hazten joan zen ekimena eta emaitza gaurko egitaraua izan da. "Ez genekien zer aurreikusi, agian ez zen inor etorriko... baina elkarlan handia izan dugu, bai saltokien eta tabernen bai jendearen aldetik" aitortu du Idoia Arteagak. Horren erakusgarri dira paella jaterako 160 txartelak lehen egunean bertan agortu izana eta bizkotxo lehiaketara aurkeztutako 45 gutiziak, "gainditu egin gaitu". Konfinamendu garaian gozogintzak izandako arrakastarekin bat dator ere, asko praktikatu zuten seinale.

Euriari aurre egiteko prestatuta, Ankoker trikitixa laukoteak diana egin du auzoan barrena, bizilagunei festara dei eginez. Oriarten bitartean, barra ireki eta pintxo poterako dena prestatzen ari ziren. Antolatzaile taldeko parte den Iñaki tabernak urdaiazpikoa ekarri du, Ogi Berrik ogia eman die, eta Hiru aldetak 25 bat patata tortilla. Ardoa eta sagardoa ekimena babestu duten beste kide batzuek jarri dute. Barra inguruan jendea biltzen joan da goizean zehar eta txikienek jolasetan aritzeko aukera izan dute zaku lasterketa, igela, dardoak... 

Eguerdian, Gautxori txarangak girotze lanari ekin dio eta pare bat orduz ibili da auzoko kaleetan barrena. Bien bitartean, Oriarten hiru epaileek bizkotxo lehiaketan parte hartu duten aleak dastatu dituzte hiru onenak aukeratzeko. Hurrenkerarik gabe, sari ugari jaso dituzte irabazleek. Musikak etengabe girotu du festa eta uneren batzuetan zuzenean aritu dira Easo abesbatzako kide Alain Sanchezek eta Arteaga bera. 

Gutxika gutxika, lekua hartzen joan dira bazkarirako. Antolatzaileetako batek une hori aprobetxatu du otordu ostean egitekoak ziren bingorako txartelak saltzeko. Mahai artean eta paella hartzeko osatu den ilara luzean aurrera eta atzera ere ibili da. Postrerako nahi beste bizkotxo izan dute eta DJ Karpinek jarritako dantzarako musika protagonista izan duen arratsaldean bertaratu direnek ere izan dute jateko aukera.

Pozik zeuden antolatzaileak parte hartzearekin eta jendea ilusioz ikusi izanarekin. Urtero maiatzeko lehen larunbatean egitea da beraien nahia, aurten ere hori zuten asmo, baina ezusteko baten ondorioz, astebete atzeratu behar izan zuten. 

Egitasmoa babestu dute: Lasarte-Oriako Udala, Frutas Ruiz, Clover, Bronx, Buenetxea, La Vie, Avenida, Patricio, Abend, Belatz, Kukulaser, Korricolari,  Gautxori txaranga, De Norte ileapaindegia, Juan Iraola e Hijos iturgintza, Gandarias Uribe Botika, Mapfre, Maite liburu denda eta Valen mertzeria.