Urtaro giroan egin du Aterpeak Udaberri Festa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 13a, 19:04

Eguraldia aproposena izan ez bada ere, Aterpea elkarteak Udaberri Festa ospatu du asteburuan. Ohi bezala, haurrentzako tailerrak, musika eta eskaintza bereziek osatu dute egitaraua.

Aterpeako elkarteko kide diren saltokietako batzuetan zerbait berezia nabari zen ostiral arratsaldean. Alba Moda, Merceria Olmi, Urruzola mertzeria, Mabel Moda eta Imagine jantzi dendan salgaiak herritarren eskurago jartzeko, kalera atera zituzten, hori bai, euritik ondo babestuta; eta eskaintza bereziak egin.

Haurrek, berriz, hiru tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten arratsaldean. Ormazabal loradendan potoak lurrez bete, eskuekin zuloa egin eta etxera eramateko landaretxo bat landatu zuten; Plan B kafetegian, berriz, gaileta goxoak prestatu zituzten estalkipean jarritako mahaietan eta bakoitzak egindakoekin askari berezia izan zuten txikiek. Eli Lasa botikan osasuna eta sendagaiak tailerra aurrera eraman zuen bertako arduradunak, alaba laguntzaile zuela. Espero baino partaide gehiago izan zituen, amaitu aurretik pototxo guztiak banatuak baitzituen. Haietan ezpainak zaintzeko marrubizko baselina prestatu zuten haur eta gaztetxoek.

Tailer batetik bestera ibiltzeaz gain, marrazki erakusketan parte hartu dutenek beraiek egindakoaren bila ere ibili dira batzuk. Saritxoa eskuratu nahi zutenek azken eguna zuten kanpainaren parte izan diren 43 establezimenduen erakusleihoetan eskegitakoen artean beraiena topatzeko.

Helduagoei begira, Buenetxea tabernan musika emanaldia egin zuten eta Bote Tatto ezagutu, eta  aldez aurretik hitzordua eskatu gabe, artista gonbidatuek tatuaje bat marrazteko aukera izan dute. 

Larunbatean, txu-txu txuri-urdinean herrian barrena ibiltzeko aukera izan dute herritarrek.  Goiz eta arratsalde aritu da ibilgailua bueltaka, erdigunean, goizez eta arratsaldez. Egun osoan zehar, Jalgi kafe antzokiaren aurrean trenera igo nahi zutenen ilara ia etengabea izan da. Bazkalorduaren bueltan, berriz, Arkupe tabernak Udaberri Street Food festa egin dute. DJak eta edariak prestatzen zituen zerbitzariak ez dute hutsik egin eta herritarrak bertartatu dira giroaz gozatzera.