Jalgi kafe antzokia, martxan berriro

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 11a, 21:23

Jalgi kafe antzokiak ateak berrireki ditu gaur arratsaldean. Tabernaren arduradun berri Ana Sarasolak gidatutako lantaldea jo eta su aritu da lanean, bertaratu diren herritar guztiei ongietorri beroa egiten. Pintxo goxoak, edari freskoak eta giro ona izan dira Geltoki kaleko 4. zenbakiko iskinan. 

19:00etan puntuan zabaldu ditu ateak Jalgik, eta orduan sartu dira aurreneko bezeroak, hilabete batzuen ostean taberna kuttunera sartzeko gogoz. Aurreneko tragoak lasai antzean atera dituzte zerbitzariek baina berehala bizkortu dute erritmoa, konturatzerako bete baita kafe antzokia. Lokalaren berri usaina pintxo goxoenekin nahastu da eta giro atsegina sortu du. Segituan bete dituzte mahaiak bezeroek, Sara Etxeberria artista lasarteoriatarrak margotutako mural koloretsua miretsi bitartean. 

Jalgiko giroak eta algarek herritar gehiago erakarri dituzte, eta baita Idoia Rekondo eta Lierni Arozena trikitilarien musikak ere. Ibilbide berri baten aurreneko urratsa izan da gaur arratsaldekoa. Atzetik askoz gehiago etortzearen alde topa egin dute herritarrek.