Elkar zaintzeko ez dago adinik

Maddi Zaldua 2023ko mai. 12a, 10:00

Gazte eta zahar lasarteoriatarren arteko harremanak sustatzeko asmoz jarri dute martxan, ikasturte honetan, belaunaldi arteko programa. Sasoeta ikastetxea da horren arduradun, eta Atsobakar zaharren egoitzarekin ari dira elkarlanean

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko ikasle gaztetxoen eta Atsobakar zahar egoitzako egoiliarren irribarreak, euren arteko begirada konplizeak, elkarlana eta zaintza. Hori guztia eta askoz gehiago ikusi ahal izan du lerro hauek idazten ari den kazetariak Atsobakar egoitzan, berriki. Belaunaldi arteko harremanak sustatzeko programa bat aurrera eramaten ari dira bi entitateak, eta egitasmo horren barruan aurrera eraman duten saio baten lekuko izatea plazer handia izan da, hunkigarria.

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Hezkidetza Batzordeak hartu zuen ekimen hau martxan jartzeko erabakia, "Lehen Hezkuntzako ikasleen eta zahar egoitzako egoiliarren arteko harremanak sortzeko helburuz". Hala, herriko zahar egoitzari luzatu zion elkarrekin aritzeko gonbita, eta horrek proiektua begi onez ikusita, martxan jarri dute. Astean bitan elkartzen dira ikasleak egoiliarrekin; behin egoitzako eguneko zentroko erabiltzaileekin eta beste behin, zahar egoitzakoekin.

"Oso esperientzia polita" izaten ari dela nabarmendu du Saioa Altzaga Gibajak; ikastetxeko aholkularia da, eta egitasmoaren koordinatzailea ere bai. Gaineratu du ikasleak "gogo biziz" joaten direla saioetara, eta "oso pozik" irteten direla horietatik. Kontatu du baita ere, zahar egoitzako egoiliarrak eurak noiz iritsiko zain topatzen dituztela aldiro, eta horrek "poztasun handia" eragiten diela ikasleei: "Ikasle eta adinekoen arteko harreman oso polita sortzen ari da. Goxotasunez tratatzen dute elkar, eta hori ederra da".

Azpimarratu du, saio horietatik at, ikasleek egunerokoan gogoan dituztela egoitzan ezagututako herrikideak, eta "gero eta gogo gehiagorekin" itxaroten dutela haiengana joateko hurrengo hitzordua.

Bizi esperientziak kontatu zizkioten elkarri Aste Santua baino lehen egin zuten lehen saioan, eta egoitzako fisioterapeuta Bego Lozanok gidatu zuen bigarrena; gimnasia saioa. Ikasturte amaierara bitarte etorriko direnak ere diseinatuta dituzte.

Jarraitzeko asmoa
Ikasturte honetan martxan jarri duten proiektua da, berria, hortaz, estreinakoz ari dira bizitzen esperientzia. Lehen aldia izanagatik, "gogotsu" agertu da koordinatzailea datorren urtean ere bide berari eusteko:  "Froga gisa jarri genuen martxan, eta uste baino askoz emaitza hobea izaten ari da; datorren urtean egitasmoarekin jarraitzea da asmoa. 

"Aukera ederra da estereotipoak astindu eta elkar zaintzeko"

Atsobakar zahar egoitza Langileak

Atsobakar egoitzako langileek "balorazio positiboa" egin dute programarekiko. Nabarmendu dute aukera "paregabea" eskaintzen diela belaunaldi arteko herritarrak elkar ezagutu, horien arteko elkarlana sustatu, eta, batez ere, zahar egoitzen gaineko "estereotipoak astintzeko". Azpimarratu dute Atsobakar beti dagoela herriari eta herritarrei irekia: "Hori da gure helburuetako bat, komunitatean integratuak egotea. Ahal dugun aldiro irteten gara plazara, baina, batez ere herria etortzen da gugana". Gogoan izan dituzte eurengana jarduerak egitera joaten diren elkarte, talde eta gainerako herritar guztiak, baina, tarte hau Sasoetako haurrekin egiten ari diren lanketari eskeinia dagoenez, hortan jarri dute arreta.

Aipatu dute esperientzia "oso baliagarria" izaten ari dela parte hartzaileentzat, batez ere ikasleek, egun dituzten aukerak "balioan jartzeko", eta, nola ez, elkarrekiko errespetuaren eta zaintzaren garrantziaz jabetzeko: "Egoiliarrek haurrak zireneko bizipenak kontatu zizkien lehen saioa txundigarria izan zen ikasle askorentzat; ezin imajina zitzaketen testigantzak jaso zituzten". Kontatu dute baita ere "sekulakoa dela" haurrek adinekoengan eragiten duten estimulua: "Egunerokoan zaintza jasotzen dutenak, zaintzaile bihurtzen dira ikasleak etortzen direnean. Sekulako jarrera aldaketak antzematen ditugu".  Denak ala denak "pozik"  agertu dira  proiektuarekin, eta hortik jasotzen ari diren guztiarekin. 

 

Gustura parte hartzen duzue egitasmoan? 

Sasoeta-Zumaburu Ikasleak

 


Oso gustura eta pozik joaten gara Atsobakar egoitzako egoiliarrengana. Jolastu egiten dugu beraiekin, eta barre asko egiten dugu elkarrekin. 
Lasarte-Orian bizi dira, gu bezala, eta gehienak nortzuk ziren ez genekienez, elkar ezagutzeko aukera ere eman digu.

Beti dugu itzultzeko nahia; gogoz itxaroten dugu hitzordu hori. 

 

Gustura parte hartzen duzue egitasmoan? 

Patxi Manchado Atsobakarreko egoiliarra

 

Oso gustura parte hartzen dut egitasmoan; izugarri gustatzen zait haurrekin egotea. Oso ondo ikusten dut gaztetxoak gugana etorri eta elkarrekin saioak egitea. Min guztiak ahazten ditut etortzen direnean, eta, iruditzen zait, gu bezala, eurak ere oso gustura ari direla. Etorkizunean ere proiektuarekin jarraitzea gustatuko litzaidake.