Lehen zatian bi taldeen arteko indarrak parekatuta egon ziren. Baloiaren jabetza mantentzeko arazoak izan zituen etxeko taldeak eta markagailuan ere horrela ikusi zen; bana berdindu zuten.
Atsedenaldiaren ostean, aldiz, Laburu Ibarrako jokalariek lehen zatiko esfortzua sumatu zuten. Ondorioz, Eguzkiko jokalariek lasaiago jokatu ahal izan zuten eta aukerak baliatuz garaipena erdietsi zuten.
Garaipenak ligako azken faserako sailkatu du taldea eta hitzorduz betetako asteak dituzte aurretik Redondoren jokalariek.
Hilaren 14an, Gipuzkoako txapelketako finalerdia jokatuko dute Maialen Chourraut kiroldegian; aurkaria ezaguna dute, Lauburu Ibarra. Neurketa gaindituz gero, hilaren 28an, finala jokatuko luke; oraindik zehazteke dago lekua.
Hilaren 20an, Eguzkiko taldea Zumarragan Gipuzkoaren izenean lehiatuko da Euskadiko Eskolarteko Jokoetan. Araba eta Bizkaiko ordezkarien aurka jokatuko dira gazteak. Garaileak Espainiako txapelketako multzo lehiarako sailkatuko da.
Gainerako taldeak
Ez da denboraldiari amaiera eman dion Eguzkiko talde bakarra izan. Gainerako mailak ere azken jardunaldiko norgehiagokei egin diete aurre.
1. Mailako Eguzki Rehabilitaciones taldeak garaipena eskuratu zuen Lazkao Gaur Logistika taldearen aurka eta sailkapeneko 11. postuan amaitu du denboraldia.
Eguzki ISU Leihoak taldeak Jaixkiareto izan zuen aurrez aurre eta bosnako berdindu zuten. Azken bi hitzorduetan puntuak lortu arren, sailkapeneko azken postuetan da.
Gazteen mailako taldeak apirilaren 23an esan zion agur kopako txapelketari eta denboraldiari. Bere multzoko bosgarren sailkatu zen eta ezin izan zen asken faserako sailkatu.