XV. UDALTOP

Teoria praktikara eramaten ari dira XV. Udaltop topaketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 11a, 13:24
'Euskara eta gazteak, 30 urte eta gero zer?' ikerketa liburuaren berri eman du Jon Antxordokik (eskuinean).

Bat, bi, hiru... Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz lemapean aurrera eramaten ari dira XV. Udaltop topaketak, Manuel Lekuona Kultur Etxean. 160 pertsona inguru ari dira saioak aurrez aurre jarraitzen, eta gainerakoak, sarean. Iazko topaketaren segida izaten ari da aurtengoa, izan ere, 16 urteko nerabeei begira jarri dira berriro: gazte horiei zuzendutako hizkuntza politika eraginkor bat prestatzeari buruz teorizatu zuten joan den urtean; aurten, adibide praktikoak erakusten ari dira. 

Horren adibide, Iñaki Arruti herritarrak eta Eider Gurrutxagak aurkeztu duten diagnostiko tresna, udalerri bakoitzeko eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen ezagutza eta erabileraren argazkia egingo duena. Udazkenerako prest izan nahi dute.

Ikerketa liburua 

Titular asko uzten ari da aurtengo Udaltop. Horietako bat da irekiera ekitaldian Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik bota duena: departamentu horrek liburu bat ondu du Miren Artetxe ikerlariarekin batera: Euskara eta gazteak, 30 urte eta gero zer?. Gako ugari jaso dituzte lan horretan, adibidez, hau: "Gaur egun, euskara ikastea agindu gisa hartzen dute gazteek. Aldatu egin behar dugu hori; aisialdian dago gakoa", nabarmendu du Antxordokik. 

Esan bezala, alor praktikoan jarri dute fokua aurten, eta horren beste adibide bat da tokian tokiko haur eta gazteen kirol sistemetan euskararen erabilera areagotzeko eredu sistematizatuak pilotatzeko proiektua. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estitxu Alkorta aritu da horri buruz, Amorebieta-Etxano udaleko teknikari Rafa Ugalde eta KEES Metodologiako kide Aritz Olagoirekin batera.

Bihar egingo dute bigarren jardunaldia, eguerdiera arte. Egitaraua hemen kontsulta dezakezue.