ESKUALDEA

Ostalaritzako Goi Mailako zikloa eskainiko du Usurbilgo Lanbide Eskolak datorren kurtsoan, sare publikoko lehena

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 11a, 13:15

Usurbilgo Lanbide Eskolan (ULE) ikasi nahi dutenek hilaren 26a baino lehen egin beharko dute aurrematrikula. Zentro horretako arduradunek azpimarratu dutenez, "ibilbide luzea" duten zikloez gain berri batzuk eskainiko dituzte 2023-2024 ikasturtean. Horietako bat izango da Ostalaritzako Goi Mailakoa, Gipuzkoako sare publikoko aurrenekoa: Jatetxe Zerbitzuetako Zuzendaritza. "Alor horretan prestatu nahi zutenek eremu pribatura edo beste lurralde batera joan behar izan dute orain arte". 

nformatikan ere izango da berritasunik: Web Aplikazioen Garapena eta Plataforma Anitzetako Aplikazioen Garapena ikasgaiak izango dituzte aukeran ikasleek datorren kurtsorako.

Zubietan dagoen zentroan eskainiko duten zikloaren helburua da ikasleak gai izatea jatetxe oso bat zuzentzen: bezeroei arreta egitea, menuak prestatzea, maitre eta sommelier lanak, hornitzaileen kudeaketa, eta abar. 

Berritu, "sustraiak ahaztu gabe"

ULEko arduradunek zehaztu dute sare publikoa hornitzen jarraitze aldera aurkeztu dituztela ziklo berriak, baina "sustraiak ahaztu gabe". Xedeak hauek dira: erronketan oinarritutako prestakuntza, talde lana eta gaitasun pertsonalak nahiz profesionalak garatzea. 

Aurrematrikulazioari eta zikloei buruz gehiago jakin nahi duenak 943-36 46 00 telefono zenbakira deitu edo www.lhusurbil.eus webgunean sartu behar duela ohartarazi dute. Izena emateko azken eguna, esan bezala, hilaren 26a izango da, ostirala.