Tarbesen, Etxeberriak sei proba lehiatu zituen bakarka zein erreleboetan. Guztietan finalera sailkatu eta bost domina jantzi zituen herritarrak.
Larunbatean, 50 m. libre proban, denbora junior mailan brontzezko domina (28,29) lortu zuen Lasarte-Oriako igerilariak. 100 m. bizkar sailkapenean (01.12,27), baita finalean ere marka pertsonala egin (01.12,17) eta junior mailako lehen postua lortu zuen Etxeberriak. Eta Gipuzkoako selekzioko kideekin 4x100 m. libre erreleboan ere brontzea jantzi zuen.
Igandean, berriz, goizeko saioan 50 m. bizkar proban marka pertsonala ezarri zuen Etxeberriak, 33.25. Finalean ezin izan zuen marka hobetu baina junior mailako brontzezko domina eskuratu zuen.
Estilo libreko 100 metroko sailkatze proban 01.02,73 egin zuen igerilari gazteak eta arratsaldean ezin izan zuen marka hori hobetu. Lau estiloetako 4x100 m. erreleboko azken posta ere egin zuen Etxeberriak eta garaipena lortu zuen laukoak.
Txikien azken jardunaldia
Hernaniko Udal Kiroldegian igeriketa taldeko alebin eta benjaminek ere lan ederra egin zuten.
Alebinek bi proba izan zituzten euren saioan – 200 m. estilo libre eta 400 m. lau estilo – eta bietan Iñaki Garcia, Ibon Elola, Oihan Matute eta Mario Amantegi lehen lau postuetan izan ziren. Guztiek estiloko probako Euskal Herriko Udako txapelketarako gutxienekoa egin zuten eta Garciak estilo librekoan ere eskuratu zuen. Itxaso Iparragirrek, berriz, bigarren postua eta Gipuzkoako Udako txapelketarako txartela lortu zituen lau estilo saioan; laugarren izan zen estilo librean.
Benjamin mailan, adinaren arabera, 100 m. lau estiloko proba edo 50 m. tximeleta eta 200 m. lau estilo probak egin zituzten.
Azken jardunaldi ongi baliatu zuten igerilari batzuek Gipuzkoako eskolarteko txapelketako txartela lortzeko eta azkenik, zazpi benjamin izango dira lehiaketa horretan: 2011ko Oier Jauregi, Ander Martinez eta Liher Albizu zein 2012ko Aitor Ormazabal, Aiala Erro, June Apeztegia eta Amy Y. Sanchez.

