Lau eta erdiko 2. mailako jubenil lehia izan zen lehena. Beñat Olazabalek LAPKEko Oliden izan zuen aurrez aurre. Olazabalek ederki jokatu zituen tantoak; sakeak erantzutean ez zen fin ibili, ordea eta horrek kalte egin zion. Lazkaotarrak 12-22 irabazi zuen norgehiagoka.
Ostean, alebin mailako nesken Gipuzkoako txapelketako lehia izan zen lehenengoz (ikus irudiak). Itxaso Iparragirre gazteak Oiarpeko Galardiren aurka neurtu zituen indarrak. Aurkari gogorra izan zuen herritarrak; oiartzuarrak ez zuen akatsik egin. Nahiz eta ahalegindu, 0-2 (3-8 eta 1-8) gailendu zen Galardi.
Alebin mailako bikotekako Udaberri txapelketako hitzorduak eman zion amaiera jaialdiari. Arkaitz Lasa eta Lier Fernandez bikoteak Ilunpe 2ko kideen aurkako neurketa berdindua jokatu arren, markagailuan ez zuen islarik izan eta 6-16 amaitu zen lehia.
Etxetik kanpo Alegian eta Villabonan izan ziren Intzako pilotariak. Alegian Diaz de Gereñuk lau eta erdiko neurketa borrokatua gainditu zuen Intxurreko Onsaloren aurka; 18-22 irabazi zuen.
Oier Jauregik Ilunpeko Peñagarikano izan zuen aurkari Villabonan Gipuzkoako txapelketan. Jauregik neurketa ederra egin zuen, tantoak egitean ez zuen zorterik izan eta eskuko minarekin amaitu zuen. 16-9 galdu zuen.
Ezin txapela eraman
Lau eta erdian atseden izan arren, GRABNI txapelketako trinketeko finala jokatu zuen Intza kide Urdanpilletak Gipuzkoaren izenean, Gasteizen. Gaztelekuko Cestau izan zuen bikote eta Bizkaiaren aurka txapela izan zuten jokoan.
Arrotajauregi eta Alonso bizkaitarrak nagusi izan ziren eta 40-28 gailendu ziren.