Sabela bezainbeste bete didazue bihotza

Maddi Zaldua 2023ko mai. 10a, 10:14

Intza Pilota Elkarteak Jakitea elkarteko sukaldari trebe ugari gonbidatu ditu Sagardotegi kaleko egoitzara. Afari berezi bat prestatu dute horiek guztiek, Pilota sailarentzat dirua biltzeko helburuarekin. Hitzordu horren lekuko izan da TXINTXARRI.

Banuen hitzorduak mereziko zuen susmoa, eta baieztatu da hori Intza Pilota Elkarteko atea gurutzatu bezain laster. Mmmmmm...zer nolako usain goxoa pentsatu dut, eta jarraitu dut sarrerako korridorean barrena.

Iritsi naiz elkarteko sukalde eta jantokiak bat egiten duten espaziora, eta han topatu ditut Patricio tabernako Yon Pavon, Avenida Tabernako Yon Mikel Rodriguez eta Aldanondo erretegiko Mikel Mayan; azken bi horiek bakoitza bere kazolak astintzen. Mmmmm, zein usain ederra, pentsatu dut beste behin...ze itxura duen begi aurrean dudan guztiak!

Apurka-apurka hasi dira iristen afaltzera zetozen herritarrak. Horiek ez ezik, agertu dira Abend Kafe Antzokiko sukaldari Ion Pagola, Lasarte-Oriako herriko etxeko Javi Penas, Tripontzi Tabernako Igor Muñoa, eta Aratz Erretegiko Xabier Zabaleta.  Postrea azkena jan ohi denez, tartetxo bat geroago ekarri du hori txokolate eta gozoaren maisu Rafa Gorrotxategik. 

Afaria dastatzera joandakoek hartu dute lekua mahian. Sukaldarien (antolatzailea ere tartean) talde argazkia atera, eta bakoitza bere lanetara zuzendu da, baina zeregin horiek ere denek elkarrekin egin dituzte;  izan ere, afari osoan zehar protagonistek zerbait erakutsi badute, talde bat osatzen dutela izan da, ekipo eder bat. 

Jakiak, banan bana

Javi Penasen foie eta sagar hostorearekin eman diote hasiera afariari. Koloretako saltsekin apaindutako platerean zerbitzatu dute; txukun-txukun.

Hor genbiltzan lerrook idazten ari den kazetaria, eta argazkilari lankide bat une gogoangarri horiek izoztu nahian alde batera eta bestera, afaltzera geratzeko gonbita egin digutenean. Eskerrak eman, eta berandutu egingo zitzaidala erantzutea baino gauza okerragorik ez zait bururatu, ordea. Maddi, baina nola! ..a zer aukera galdu duzun, esan diot nire buruari.. Nork egin diezaioke uko horrelako afari eder bati?

Abend Kafe Antzokiko sukaldari Ion Pagolaren txanda izan da gero. Pikillo piper saltsaz lagundutako porru eta ganba pastela ekarri du platerera; hori ere itxura ederrekoa.

Eta bigarren eskaintzari argazkiak ateratzen ari ginela jaso dugu lehen oparitxoa. Avenidako Yonek, berak prestatutako txahal masail plater bat ekarri digu argazkilariari eta bioi, etxera joan aurretik proba genezan. Jakia hartu eta mahaitxo batean eseri gara hori dastatzera. Eta, ustekabean, beste erregalu bat: hostorea ekarri digu Javi Penasek. Ai ama,  ze ona dagoen hau ere! esan diot lagun argazkilariari. Nik etxera joateko asmoa nuen, baina ordutik aurrera, apenas altxa naiz eserita nengoen mahaitik. Bat-batean, sukaldari bakoitzak bere platerak zerbitzatu ahala, lagunarentzako eta biontzako bana ekartzera etorri baitira. Eta, nik, etxean zerbait ikasi badut izan da platerean dagoena jan egin behar dela. 

Jan dut Igor Muñoak prestatutako otarrainxka eta hirugihar broxeta zoragarri bat, eta hori eta gero Mikel Mayanen arrain zopa bikain bat ere bai. Xabier Zabaletak gustu handiz prestatu eta apaindutako azken aurreko plateraren txanda izan da gero: txipiroiak tintan eta Pelaio erara. Jo, ze opari egin diguten, pentsatzen nuen etengabe.

Fruitu gorriak

Eta behin horraino iritsita, nola joango ginen etxera, azkenburukoa jan gabe; inolaz! Rafa Gorrotxategik berak egindako postre ikusgarria bana ekarri digu. Azaldu digu esne-gain eta banillaz, marrubiz eta fruitu gorriz egindako pasteltxoa zela. Noski, ezin zuen txokolaterik falta; bazuen hori ere. 

Liluratuta, pozik eta batez ere eskertuta altxa naiz mahaitik, orain bai etxeratzeko asmoz. Artista gastronomikoak agurtuta hartu dut etxerako bidea, sartzeko gurutzatu dudan korridore beretik. 

Sabela bezainbeste bete didazue bihotza. Mila-mila esker, Yon, Yon Javi, Igor, Xabier, Ion, Mikel eta Rafa. Eskerrik asko zuri ere, Intza.