Ekainerako eta uztailerako greba egunak iragarri ditu Michelin Lasarte fabrikako enpresa batzordeak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 9a, 14:30
Michelingo langileen protesta bat.

Michelin Lasarte lantegiko enpresa batzordeak iragarri du mobilizazioak antolatu dituela ekainerako eta uztailerako. Hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira enpresarekin eta, horren barruan, gutxieneko akordio bat lortu dute batzordeko atal sindikal guztiek: LAB, ELA, CCOO, UGT eta CSI.

Erdietsi duten akordioak hiru puntu jasotzen ditu. Lehenengoa, hitzarmena negoziatzeko mahaian Enpresa Batzordean adostutako plataforma bateratua defendatzea, gai hauei dagokienez: soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea; galdutako erosahalmena berreskuratze aldera, ordainsariak igotzea; sarrera soldata aldatzea batzordean jasotako baldintzen arabera; eta talde horrek hileroko ordainketa sistemari buruz jasotakoari erreparatzea, batez ere, hasierako gutxieneko soldatari dagokionean. Bigarrenez, adierazi dute akordioak langileek berretsiko dituztela, erreferendum lotesle baten bidez, eta, azkenik, mobilizazio egutegi bat osatu eta adosteko konpromisoa hartu dutela.

Horren harira, enpresa batzordeko kideek jakinarazi dute ondu dutela mobilizazio agenda bat, eta horren barruan daudela ekainean eta uztailean zehar aurrera eramango dituzten lau lanuzte egun:

  • Hilaren 17an eta/edo 24an elkarretaratzeak egingo dituzte lantegi atarian. Negoziazio mahaiko kideak joango dira; gainerako lantegi edo Zentroarteko Batzordearekin ekintzaren bat koordinatzeko aukera ez dute baztertu.
  • Greba egunak ekainaren 5a eta 19a nahiz uztailaren 10a eta 11 izango dira. 
  • Ekainean eta uztailean aktiba daitezkeen balizko txandetan prebentziozko grebarako deialdiak egingo dituzte. 

Bestalde, jakinarazi dute etzi bilduko dela berriro negoziazio mahaia.