Epaileak hasiera eman eta aurreikuspenak bete ziren. Bi taldeek irabazteko gogoekin atera ziren kantxara eta norgehiagoka bizia izan zen.
Aurkaria jarri zen aurretik 0-4, baina Ostadarrek ongi erantzun zuen eta aurre hartu zuen lehen laurdeneko bosgarren minutuan, 8-4.
Lehen minutu horietako tentsioa neurketa osoan zehar mantendu zen eta markagailua estu egon zen partzialek erakusten duten moduan: 16-8, 13-9, 14-11 eta 14-15.
Esfortzu handia eginez, etxeko taldeak aldea handitu eta partida eskuratu zuen.
Maila mantentzeko lehia
Garaipenari esker, Ostadar senior taldeak lehen postuan amaitu du egungo fasea; hamabi neurketetatik bakarra galdu du eta 23 puntu eskuratu ditu.
Orain 1. Senior mailako azken sailkapena zehazteko, 6. multzoko lehenengoa izan den Goizper Group BKLren aurka jokatuko du kanporaketa. Hitzordua hilaren 14an izango da 16:00etan Labegaraieta kiroldegian, Bergaran.
Garaipena lortuz gero, Gaizka Urreiztik eta Beñat Eleiceguik zuzendutako taldeak maila mantentzea ziurtatuko luke.
Bi prestatzaileak harro daude taldeak urte osoan egindako lanarekin: "Jokalariak motibazioa eta lan gogoa mantendu dute urte osoan zehar eta hala ikus daiteke sailkapenean".
Denboraldia pozik eta gustura bukatu dutela onartu dute talde urdin-beltzeko arduradunek. Erronka handiari egin zioten aurre 2022ko irailean taldeko ardura hartzerakoan eta lana ongi egin dutenaren ustea dute: "Talde honek denboraldi honetan garapen ona izatea espero zen eta espektatiben mailara egon garela uste dugu".