Biyak Bat elkartearen egoitza aurrean hasi da batzuentzat Azkorteko erromeria. Handik irten da ermitara zihoan lehen autobusa 20 bat lagun barruan zituela. Eguraldia izan da lehen mintzagaia: "garbituko ote du ala euria egingo du?". Oriako aldapa gora hartu duenean, ordea, galdera beste bat izan da. Baten batek ahots gora iritsiko ote ziren zalantza egin eta motor hotsa entzutean "adioska" aritu bada ere; ordu laurden eskasean baseliza aurreko zabalgunean ziren. Han zeudenentzat are goizago hasi da ekimena. Eszenarioa prestatzen, taberna atontzen edo mendiko bidea osatuta atseden hartzen zeudenentzat, hain zuzen ere. Horietako zenbait Alboka abesbatzako kideak ziren. Arnasa berreskuratuta, meza hasi baino hogei bat minutu lehenago, ahotsa berotu eta prestaketan aritu dira eliza barruan. Han lekua hartu edo goizeko haize finetik babesteko, zortzi bat lagun zeuden. Mendian gora, Buruntza tontorrera ere joan dira oinez etorritako batzuk. Bigarren autobusa 10:50 iritsi da, elizkizunerako garaiz, eta barrura jo dute gehienek. Bien bitartean, soinu proba egin dute trikitilariek.
Ermitak mende erdi bete du aurten. Ate ondoan duen plakaren arabera, 1973an egin zen baseliza berriaren inaugurazio ekitaldia. Apaizak estreinako aldia zuen aurten, eta azaldu duenez, asteazkenean, Santikutz egunean, 50 urtetan eta gehiagotan ere –ermita zaharrera– joan direla kontatu zioten batzuek.. Euskaraz ekin dio mezari eta erdia-edo pasata zuenean jabetu da akaso gaztelaniaz ere zerbait esan behar zuela. Ordura arte esandakoak azkar laburtu eta amaitu artean elebitan aritu da. Hizkuntzak tartekatzeaz gain, Albokako kideek zenbait kanta abestu dituzte. Bizitzako gurutzeekin lagundu eta haiek arintzeko azken bedeinkapena jaso ondoren, beranduenera datorren urtera arte agurtu ditu apaizak. Albokak azken kanta eskaini, eta txalo artean hustu dute tenplua.
Ordura arte Ttakun KE-k jarritako postuan odolki, txorizo eta haragi egosi ogitartekoak egiten aritu badira ere, dena gutxi izan da taberna inguruan zeudenak artatzeko. Tai gabe aritu dira bai barra atzekoak batetik bestera jana eta edana banatzen bai alboko mahaikoak eskatutakoa prestatzen. Trikitilariek girotu dute hamaiketakorako tartea, eta dantzara animatu denik ere izan da. Bien bitartean, zabalguneko erdigunean eguerdian aurrera eraman duten herri kirol erakustaldirako beharrezko guztia jartzen joan dira.
Beñat Telleria herritarra eta Julen Gabirondo urnietarra aritu dira; lehenik, bakarka, eta ondoren, bata bestearen aurka. Aizkolariak enborra moztu du, harri jasotzaileak kubikoarekin bi minutuko saioa egin, eta aldatzera joan dira. Etena musikarekin girotu du Ttirriki Ttarraka eskolako bikoteak. Bueltatu direnean, hiru proba zituzten aurretik: hiru kiloko bolarekin hamabost altxaldi, bina enbor moztu, eta hiru korte trontzan nork lehenago egin lehiatu dira. Telleriak aurre hartu du lehen proban, baina denbora galdu du aizkora lanetan. Trontzan buelta eman dio, eta ia urnietarraren pare jarri bada ere, Gabirondo gailendu zaio. Txaloak, hala ere, erdi bana jaso dituzte.
Eguraldiak eutsi dio eta tarteren batean eguzkiak berotu du gunea. Prestatutako egitaraua amaituta, nahi izan duenak barran azken jan-edan azkarra egin edo zerrarekin nola moldatzen den probatzeko aukera izan du. Mordoxka animatu da, moztutako zatia etxera eramateko nahi hutsagatik izan bada ere; eta nahiko ondo moldatu direla esan behar.
Mendian gora edo beherako bidea hartuta, ermita aurrealdea husten joan da poliki-poliki. Antolatzaileak jaso eta garbitu zebiltzala, Lasarte-Oriara bueltan zihoan autobusa ere betetzen joan da. Gidariak bide egokiagoa aukeratuko zuen, inork ez baitu bidaian etxera iristeko kezkarik adierazi.