Elizaren ibilbide gatazkatsua eta oraina aztertu ditu Felix Garitanok

Txintxarri Aldizkaria 2023ko maiatzaren 5a

Elizgizonak itxi du Danok Kide elkarteak antolatutako Balioetan Hezi jardunaldi sorta. Kultur etxeko hitzaldi aretoan Zer ari da gertatzen gaur egungo Elizan? galderari erantzun dio apaizak, erakundearen ibilbide historikoa gainbegiratuz. 

Herritar ugari izan du Felix Garitanok esan behar zuena entzuten. Aretoko ia aulki guztiak bete dituzte kontatzeko zuenaren berri izan nahi zuten lagunek. Sartu ahala, edukia laburbiltzen zuen orri bana eman diete, bertan, ordubete baino gehiago luzatu den hitzaldiaren edukia laburbilduta zegoen: Elizaren ibilbidea sorreratik gaur egunera arte. Oraina ulertzeko, iragana ezagutzea ezinbestekoa baita.

Azaldu duenez, gatazka, iritzi aniztasuna normala da talde batean. Elizaren sorburuan zenbait izan ziren: judaizatzaileen eta helenizatzaileen artean, ibiltarien eta sedentarioen artean, Jesusen mugimendua antolatzeko beharra... Hori aldatu zen III. eta IV. mendeen amaieran, enperadoreak bihurtu ondoren, Kristautasuna erromatar inperioaren erlijio ofizial bilakatu, eta ordura arte egon zitezkeen eskakizunak lausotu baitziren.

XI. mendean, Elizaren lehen krisia gertatu zen, Mendebaldea eta Ekialdea banatu ziren, hau da, Eliza ortodoxoa eta katolikoa bereizi egin ziren. Geroago, Inkisizioa martxan jarri zen; eta XVI. mendean, bigarren krisi baten ondorioz, Erreforma eta Kontra-Erreformaren artekoa, Protestantismoa sortu zen. XVIII. mendetik aurrera Modernitateak Eliza eta gizartearen arteko aldea handitu zuen.

Mendetako gorabeherak errepasatu ditu Garitanok, 1960ko hamarkadako Kontziliora iritsi arte. Bertaratutako gehienek ezagututako gertakariez eta Aita Santuez mintzatu da hurrengo minutuetan. Elizaren buru bakoitzak ekarritako aldaketak eta izan duen garrantzia azaltzeaz gain, aurre egin beharreko erronkak ere aztertu ditu, batez ere, erakundearen barruan dauden bi parametro teologiko-pastoral desberdinek eragiten duten gatazkaren ondorio direnak.