Jaizkibel plazako karpan txapak egiteko beharrezko guztia prest zegoen 11:00etan. Falta zen bakarra, margoak eskuetan hartu eta marrazteko gogoa zuten haurrak ziren. Bertan izan diren bi ordu eta erdian, aulkiak bete eta irudimena martxan jartzeko prest zirenak iritsi dira, noski. Aulkietan eseri, nahi zuten marrazkia biribil barruan egin, moztu, eta jarduera gidatu duen gazteari eman diote makinan sartu eta txapa bilaka zezan. Bakarrarekin ez dira konformatu gehienak, eta jaka apain-apain etxera bueltatu denik izan da.
Zabaletan, berriz, Basotxo plaza aurreko parkean jarri dituzte karpa eta aulkiak. Sasoetan baino ordubete geroago, Lur Usabiagak istorio harrigarri bat kontatu die 3 eta 4 urteko haurrei eta haiekin zeuden gurasoei. Akaso auzoko Teresak inspiratuta-edo, erratz gainean hegan egiten duen sorgin baten gorabeherak azaldu dizkie. Katua badu ere, txakur bat topatu eta berarekin eraman du, baina ilean zeraman lazo gorria galdu egin du hegaldiaren abiadaren ondorioz eta bila aritu dira haurrak.
Ekaineko lehen larunbatera arte izango dute haurrek auzoz auzoko jardueretan parte hartzeko aukera, eta ordura artekoak ere iragarri dituzte:
- Hilaren 13an (larunbata), 11:00etatik 13:30era: azazkal tailerra, Zabaleta auzoan.
- Hilaren 13an (larunbata), 12:00etatik 13:00etara: ipuin kontalaria, Sasoeta auzoan.
- Hilaren 20an (larunbata), 11:00etatik 13:30era: Hennarekin egindako tatuajeak, Oria auzoan.
- Hilaren 20an (larunbata), 12:00etatik 13:00etara: ipuin kontalaria, Oria auzoan.
- Hilaren 27an (larunbata), 11:00etatik 13:30era: mandala tailerra, Atsobakar auzoan.
- Hilaren 27an (larunbata), 12:00etatik 13:30era: ipuin kontalaria, Zumaburu auzoan.
- Ekainaren 3an (larunbata), 11:00etatik 13:30era: Baratza tailerra, Zumaburu auzoan.
- Ekainaren 3an (larunbata), 12:00etatik 13:00etara: Ipuin kontalaria, Atsobakar auzoan.