Buruntzaldea IKTko atal ezberdinetan parte hartzeko aukera dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko maiatzaren 5a

Buruntzaldea IKTk 2023-2024 denboraldiko master mailako eta eskola zein parte-hartze mailako igeriketa saioen izena ematea ireki du. Inskripzioa kirol elkartearen webgunean egingo da

Lasarteoriatarren artean igeriketa eta kirol horrekiko gustua sustatzeko asmoz maila desberdinetarako kirol jarduerak ditu Buruntzaldea IKTk.
 
2016 urtean eta aurretik jaiotako haur eta gazteek eskola eta parte-hartze mailako igeriketa saioetan parte hartu dezakete. Helburua oinarri teknikoak ikastea da bietan. Parte-hartze mailako jarduerak, gainera, igeriketaren bidez jarduera fisikoa sustatzea ere bilatzen du; lehiaketa gabekoa da.
 
Master mailako igeriketa saioetan, aldiz, kirol praktika atsegingarria, garapen fisiko eta teknikoa lortzea, kirola egiteko talde egitura bat eskaintzea, jende berria elkartzeko aukera ematea eta inklusioa ahalbidetzea bilatzen du igeriketa taldeak. Horretan 18 urte baino gehiagoko herritarrek parte hartu dezakete.
 
Entrenamendu saioak Maialen Chourraut igerilekuan dira eta adin edo maila bakoitzaren arabera ordutegiak eta egunak desberdinak dira. Txikiak irailean hasiko dira lanean; master mailako kideak, aldiz, urrian. Ekimenen informazio gehiago eskura du taldeak sarean. 
 
Igeriketan murgildu nahi diren herritarrek taldearen webgunean egin behar dute izena ematea. Proba egin nahi duten herritarrei begira, ekainean zehar ate ireki saioak izango dituztela jakitera eman dute igeriketa taldeko arduradunek.