San Pedro Jaietako pilota txapelketako izena ematea ireki da

Txintxarri Aldizkaria 2023ko maiatzaren 5a

2022 urteko txapelketako finaletako irudia.

Intza Pilota elkarteak San Pedro Jaietako 29. Pilota Txapelketa antolatuko du. Maiatzaren 21era arte egongo da irekia inskripzioa

Pilota lehiaketan 2010 eta 2014 urte artean jaiotako haur lasarteoriatarrek parte har dezakete. Adinaren arabera, hiru maila desberdinetan banatuko dira: benjamin, alebin eta infantil.

Neurketak larunbat eta igandeetan jokatuko dituzte Loidibarren pilotalekuan eta finalak, San Pedro jaien barruan, ekainaren 30ean izango dira. Partidetako kirola egiteko arropa egokia eraman beharko dute jokalariek. Finalerdi eta finaletan, berriz, arropa zuria jantzi beharko dute bertara iristen diren pilotariek

Jokoan erabiliko diren pilotei dagokienez, pilota goxoarekin jokatuko dute. Antolatzaileak arduratuko dira materiala eramateaz, baina ez dira gerta daitezkeen lesio edo istripuen arduradun izango.

Izen eman nahi duenak astearteetan eta ostegunetan Michelingo kirol guneko pilotalekuan 17:30etik 18:00etara du unea; azken eguna maiatzaren 21a izango da.