"Bizitza aurreko bizitzaz" hitz egin die bera entzutera joan direnei

Txintxarri Aldizkaria 2023ko maiatzaren 5a

Danok Kide elkarteak udalarekin elkarlanean antolatutako Balioetan Hezi jardunaldiaren bigarren hitzaldia egin dute. Mikel Lizarralde medium eta psikologoak Bizitza, bizitzaren ondoren solasaldia eskainiko du kultur etxeko auditorioan. Entzule ugari bertaratu da, iragarleak zer kontatuko jakin nahian. 

Jakinmin handia piztu du Mikel Lizarralderen Bizitza, bizitzaren ondoren edo Bizitza aurreko bizitza hitzaldiak. Ostegun arratsaldean izan da medium eta psikologoa Manuel Lekuona Kultur Etxean, Danok Kide Guraso Elkarteak gonbidatuta. Auditorioan elkartu da bera entzutera joandakoekin; besaulki patioa erabat beteta, anfiteatroan hartu behar izan dute hainbatek eserlekua. 

Saioari hasiera emateko, Jose Luis Navarrok lagunduta agertu da oholtzan protagonista, Mikel. Sarreratxo bat egin du Danok Kideko ordezkari Navarrok, eta hitza eman dio gero hizlariari. Mikroa hartu du honek, eta bertaratutakoak agurtu ostean, gaiari eutsi dio. 

Azaldu du bizitza osteko bizitzaz hitz egitera etorri dela, edota bizitza aurreko bizitzaz. Aitortu du askotan adierazten diotela hartzaileek "beldurra" ematen diela gai horretaz hitz egitea, eta sentimendu hori azaltzen dietenei zer esaten dien ere kontatu du: ""Gaiaz hitz egin nahi ez, eta burua lur azpian ezkutatuta ere, denoi iritsiko zaigu heriotza". Hari horri tiraka, kontatu die bizitzen ari garen bizitza fisikoki amaitzen den arren, ez dela norbere existentzia amaitzen. 

Arimaz (kontzientzia ere deitu dio) hizketan jarraitu du gero. Denok arima bat edukitzearen paradigma aldatzera etorri dela adierazi du, eta honakoa ziurtatu; norbera dela arima bat. Gaineratu du arima hori mundu honetara etorri aurretik, "beste lekuren batean" bizitu dela: "Gure existentzia, lur honetara etorri aurrekoa da". Azalpen horrekin jarraituz, kontatu du norberak (arima bakoitzak) eskatu eta aukeratu duela bizi garen leku, familia eta gorputzera etortzea, hori hala dela, ezinezko iruditu dakiguken arren. 

Luze eta zabal aritu da gaiaz hizketan, eta interes biziz, adi jarraitu ditu bere azalpenak publikoak. 

Ikus-entzule artera

Ordubeteko hitzaldiaren ostean, agertokitik publiko artera jaitsi eta medium gisa aritu da tarte batez. Hainbat mezu eman dizkie aretoan bildutako zenbaiti, eta sortu du momentu horrek ere ikusmira handia.