Atsobakar egoitza aurrean agertu da Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaia; ondoan izan zituen Rafaela Romero, Iñaki Mugica eta Susana Garcia Chueca.
Hitza hartu eta nabarmendu du Gipuzkoak "zaintza eredu berri bat" bultzatu behar duela, gizarte babeserako sistema zainduz zein zabalduz, eta lurraldea "gizarte politiken abangoardian" kokatuz.
Maiatzaren 28ko hauteskundeei begira jarri, eta esan du, horien ondoren "zaintzaren estrategia berri bat” bultzatuko duela. Zehaztu ditu adierazpenok; egoitza eredua alde batera utzi eta horren ordez adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei euren etxeetan bizitzea ahalbidetuko dieten laguntzak eta baliabideak jartzearen alde agertu da: “Adinekoek euren etxeetan zahartu nahi dute”, gaineratu du.
Gipuzkoak "begirada berritu baten beharra"
Sozialistek, Gipuzkoaren "eraikuntza soziala, integratzailea eta plurala" eskaintzen dutela nabarmendu du, eta adierazi duenez, hurrengo Gipuzkoako Foru Aldundia gidatu nahi du, baliabide publikoen kudeaketa “eraginkor” bat bermatzeko, Lurraldeak aurre egin beharko dien arreta-eskakizun berrien eta proiekzio demografikoen aurrean.
Etorkizunera begira jarri, eta azaldu du hamar urte barru, 55 urtetik gorako pertsonak izango direla Gipuzkoako biztanleriaren erdia: "Europako zahartuenetako bat izango da, hortaz, Gipuzkoako ongizate gizartearen finantzazioa bermatu behar da, eskaria handitu egingo delako eta baliabide ekonomikoen beharra handiagoa izango delako".
"Pertsonak, erdigunean"
Asensiok adierazi du PSE-EEk proposatzen duen "eredu berriak" bere "politiken erdigunean kokatzen dituela pertsonak, euren bizi-kalitatea eta familiena hobetzeko". Hori hala izanik, nahiago du gastuaz baino, "inbertsio sozialaz" hitz egin: "Pertsonak artatzeko neurriak martxan jartzeak zahartzearekin lotutako ekonomia ere indartzen du, enplegu-aukerak sortzen ditu, eta jarduera horietara bideratutako gastua zerga eta kotizazio gisa itzultzen da".
Datorren legegintzaldirako "erronka"
Sozialistek datorren legegintzaldirako duten erronka da Gipuzkoa “desberdintasun tasa baxuenetakoak” dituen lurraldeetako bat izatea dela azaldu du Asensiok. "Inor atzean ez uzteko helburuarekin" eusten diote horri. Horretarako, maiatzaren 28tik aurrera honako programa hauek ezartzeko konpromisoa agertu du:
- Elkar Ekin plana. Gipuzkoako agenda politikoan gizarteratzea barne hartzen duena, hirugarren sektorearekin batera gauzatuko den ekintza “komun” batean.
- Elkar Lanean estrategia. Lan duina lortzeko eta gizarte bazterketa desagerrarazteko;
- Treba Gazteak programa. Desberdintasuna eta pobrezia gehien jasaten dituzten herritarren sektoreetan jarriko da arreta, besteak beste, emakumeak, gazteak eta haurrengan, eta Isaac Palencia sozialistak zuzentzen duen Gazteria Zuzendaritzak hasitako politiketan sakonduko da, gazteen arazo “nagusietako” batzuei erantzuteko, besteak beste osasun mentalari, Irtenbiderik onenak bilatuko dira bazterketa-modu berriak eragozteko, esaterako arrakala digitala.
Azkenik, Asensiok adierazi du, PSE-EEk "gizarte berrikuntzaren aldeko apustua" egin nahi duela, "gure unibertsitateen, lanbide heziketaren eta Gipuzkoak dituen erreferentziazko zentro teknologikoen konplizitate eta laguntzarekin". Hirugarren sektorearekin aliantza “estrategikoak” ere beharrezko ikusten ditu, planteatuz, Gipuzkoako gizartean "funtsezko aktibo bat" baita.