Lehiaketan erlojuaren aurka 9,4 kilometrotako ibilbidea hiru alditan egin zuten gidariek; guztira, 28,2 kilometroko lehia izan zen.
Lasarte-Oriako ordezkariek lehen hamarren artean amaitu zituzten hiru saio kronometratuak. Lehen saiakeran 06.44,900 egin zuten eta bigarrenean denbora murriztea lortu zuten, 06.38,100. Azkenekoan, aldiz, mantsoago joan ziren eta 06.39,100 marka egin zuten.
Sailkapen orokorrean zazpigarren sailkatu ziren 20.02,100 denbora metatuarekin eta 1 mailako bigarren izan ziren. Horrez gain, RACNV Mendeurreneko kopako lehen lehiaketa puntuagarria zen eta herritarrek lehen postua eskuratu zuten Lodosako proban.
Ekainera arte, ibilgailua hobetzeko aukera izango dute Kortajarena anaiek. Kopako hurrengo hitzordura Cuzcurritako lurreko rallya izango da.
Egutegian moldaketak
Euskadiko mendi igoerako denboraldian, bestalde, moldaketak izan dira. Gorlako igoera ez da jokatuko – asfaltatze lanak ez direlako egin – eta Jatako igoera irailera atzeratu da. Beraz, Aitor Mansok uztailean jokatuko den San Cosme igoerara (Bizkaia) arte ez du txapelketako lehiarik izango