Buruntzaldea IKTko igerilariek uzta ederra lortu dute San Martzial Sarian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko maiatzaren 3a

San Martzial sarian parte hartu zuten igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Denboraldiko bigarren zatiari hasiera ederra eman dio Buruntzaldea IKT. Apirilaren 29an, taldeko 13 kidek Irungo San Martzial Sarian parte hartu zuten eta markak ontzeaz gain, maila ezberdinetako Gipuzkoako zein Euskal Herriko Udako txapelketetarako gutxienekoak eskuratu dituzte

Buruntzaldea IKTko Infantil, junior eta absolutu mailako igerilari gazteak San Martzial Sarian lehiatu ziren eta guztira 23 marka pertsonal, Gipuzkoako Udako txapelketarako bost gutxieneko eta Euskal Herriko Udako txapelketarako lau txartela eskuratu zituzten: 

  • June Lopez: 50m tximeleta, 33,67 eta 200 m. librea, 02.19,28 – Junior mailako Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoa.
  • Iker Gorostegui: 50 tximeletan, 28,90 – Junior mailako Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoa – eta 100 m. tximeleta, 01.04,12.
  • Miren Sarobe: 50 m. bizkar, 34,19 – Junior mailako Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoa –; 100 m. bular proba 01.24,44 – Junior mailako Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa –; bular proba horretako 50 m. pasean, 39,64 eta 400 m. lau estilo, 05.39.
  • Mayi Gorostegui: 50 m. tximeleta, 38,15; 50 m. librea, 33,19 – Infantil mailako Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa – eta 200 m. tximeleta, 03.27,57.
  • Garazi Etxeberria: 100 tximeletan, 01.10,05 eta 200 m. bizkar, 02.31,06 – Absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoa.
  • Irati Etxeberria: 50 m. bizkar proba, 38,64 – Infantil mailako Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa – eta 200 m. lau estilo, 03.01,69 – Infantil mailako Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa.
  • Amaiur Iparragirre: 50 m. libre, 34,08 – Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa – eta 200 m. lau estilo 03.11,96.
  • Ane Meyer: 50 m. bular, 53,90 eta 200 m. libre, 02.55,12.
  • Nahia Zudaire: 200 m. lau estilo, 02.54,88.
  • Nora Miguelez: 50 m. bular, 49,75.
  • Izaro Audikana: 50 m. tximeleta, 35,45.
  • Saioa Elola: 50 m. tximeleta, 34.58.

Aste Santuko etenaldiaren ondoren lehen lehiaketa zuten igerilariek eta Buruntzaldea IKTko arduradunak pozik daude kirolariek egindako lanarekin: "Gehienek haien proba ohikoenak ez zirenak hartzeko baliatu zuten hitzordua eta ondorioz, egindako saio gehienetan marka pertsonalak lortu dituzten gureek. Marka pertsonalak ondu ez zituztenen kasuan, euren onenetatik gertu aritu zirela esan behar dugu".

Udako denboraldia hasiberri dute eta dagoeneko hobekuntza handia den arren, igerilari bakoitzak bere helburuak lor ditzan lanean jarraituko dutela onartu dute taldeko arduradunek. 

Hilaren 13an, Ordiziako Sarian izango dute euren aurrera pausoak erakusteko hitzordu berria, Ordiziako Saria. Bien bitartean, hilaren 6an eta 7an, taldekide Garazi Etxeberria Gipuzkoako Selekzioarekin lehiatuko da 30eme Nautiques de Tarbes txapelketan, Frantzian; estilo libreko zein bizkar estiloko 50 m. eta 100 m. probetan lehiatuko da.