Maiatzeko kultur eskaintza aurkeztu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko maiatzaren 3a

Argazkia: kukai.eus

Hasi berri dugun hila kultur egitasmoz josiko duen egitaraua aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak. Askotariko eskaintza egin du. Hitzaldi, zinema proiekzio, antzerki obra, opera saio eta dantza emanaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 

Danok Kide Guraso Elkartearen XVII. Balioetan Hezi jardunaldiek emango diote hasiera hasi berri dugun hil honetako kultur agendari. Gaur, asteazkena izango da lehen hitzaldia.Doluaren bidea: Esperientzia Unibertsala izenburupean, Iñaki Perez de Arriluzea Etxarrik hitz egingo du jendaurrean. Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan izango da hitzordua, 19:30ean. Bihar, berriz, Mikel Lizarralde Goenaga medium eta iragarlearen txanda izango da. Bizitza, bizitzaren ostean hitzaldia eskainiki du leku eta ordutegi berean. Hirugarren eta aurtengo jardunaldien azken saioa, aldiz, ostegunean ostiralean izango da. Felix Garitano Laskurainen txanda izango da. Zer ari da gertatzen gaurko Elizan? hitzaldia emango du. Denak ala denal ordutegi eta leku berean izango dira: 19:30ean, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Doakoak izango direla ere iragarri dute antolatzaileek. 

Hilaren 6a, berriz, antzerki obra bat ikustera joateko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Txalo Produkzioak-ek Kanpora sartzen lana taularatuko du. 20:00etan izango da, kultur etxeko auditorioan. Sarrerek 6 euro balio dute. 

Haurrentzako zein helduentzako zinema saio bana izango da hurrengo egunean, hilak 7. Ohi bezala, 17:00etan etxeko txikientzako filma proiektatuko dute: Hanna y los monstruos. Sarrerak 4 euroren truke eros daitezke kultur etxeko leihatilan. Helduentzako saioa, aldiz, 19:30ean izango da. Los tres mosqueteros D'artagnan emango dute pantaila handian. Sarrerek 6 euro balio dute. 

Okendo Zinema Taldearen eskutik, berriz, 20.000 especies de abejas ikusteko aukera izango dute zinema zaleek. Hilaren 12an proiektatuko dute filma, kultur etxean hori ere eta 20:00etan. Sarrerak leihatilan eskura daitezke, 6 euroren truke. 

Beste bi zinema saio iragarri ditu udalak hilaren 14rako. Haurrentzako (17:00etan) Oink, oink emango dute 4 euroko sarreraren truke, eta, helduentzako, aldiz, 20.000 especies de abejas iragarri du. 19:30ean izango da azken hori, eta sarrerek 6 euro balio dute. 

Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroko kideak, oholtzan

Nire zigilua obra antzeztuko du Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroko antzerki taldeak hilaren 16an. Sarrerek 3 euro balio dute, eta kultur etxeko leihatilan eros daitezke. 

Opera zaleentzat ere izango da hitzordua. Giacomo Puccini musikagilearen eta Giuseppe Adami eta Renato Simoni libretisten hiru ekitaldiko Turandot opera emango dute kultur etxeko pantailan. 19:00etan izango da, eta sarrerek 7.5 eta 9 euro artean balio dute. 

Ostadarren urtemuga

Ostadar SKTk 40 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko zenbait jarduera iragarri ditu. Hilaren 18an, Emakumea eta kirola hitzaldia egingo dute. Kultur etxeko hitzaldi aretoan izango da, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Horrekin batera, hilaren 25erako bigarren solasaldi bat iragarri dute: Ostadarretik pasa diren kirolariak. Ordu eta leku berean izango da hori ere. Eta hilaren 26tik apirilaren 2ra, adiz, argazki erakusketa bat egingo dute. Mercero gunean izango da hori, eta arratsaldez izango dute herritarrek ikustera joateko aukera; 18:00etatik 20:00etara. 

Azkenik, hilaren 20an XIX. Dantza Zirkuitua ospatuko da. Oraingoan Yarin lana oholtzaratuko dute Andrees Mariin eta Jon Maya dantzariek. 20:00etan izango da, eta sarrerak 6 euro balio dute.