Salbuespen neurriak gaitzetsi, eta preso politikoak gogoratu dituzte Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 28a

Martxoko moldaketaren ondoren, ohikora itzuli da Azken Ostirala. Elizatze eta Okendo plazak lotu dituen mobilizazioa egin aurretik Etxeratek eta Sarek egindako irakurketa partekatu dute. Helmugako plazan, berriz, hilaren 17an izan zen Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira, Assana Shakur-en komunikatu bat irakurri dute. 

Eliza ondoan eta pankarta atzean kokatu diren berrogeita hamar bat lagunei Pili Kastresanak eman die hilabeteko irakurketaren berri. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Joseba Arregi presoari hirugarren gradua eteteko fiskalak egindako eskaera onartu du eta helegitea ebazteko zain, Martuteneko espetxera itzuli behar izan du. "77 urteko pertsona baten eskubideak urratzen dituzte. Arregik 31 urte bete ditu espetxean eta hainbat patologia ditu, adinagatik eta kartzelan hainbeste urte eman izanagatik.

Espainiako zigorraren hiru laurdenak 2019ko ekainean bete zituen, eta Frantzian betetako zigorraren 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, badira urte batzuk aske egon beharko litzatekeela". Arregiren kasua "euskal presoen aurka mantentzen ari diren salbuespen egoera orokorraren erakusle" dela ere nabarmendu du, izan ere, horietatik 39 baino ez daude hirugarren graduan, eta, legez, 110 izan beharko lirateke. 50 preso ingururi ez zaie zenbatzen Frantzian jada bete dute zigorraren zatia; askok 40 urteko zigorra bete beharko dute. Horrez gain, hamazazpi presok gaixotasun larriak dituzte, baina, hala ere, espetxean daude. "Auzitegi Nazionaleko hainbat sektore atzerakoiek, etxera itzultzeko bidea sistematikoki oztopatzen jarraitzen dute".

Egoera hori gaitzesteko Donostian, bihar, hilak 29, egingo duten elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Artzain Onean 11:30ean izango da.

Jarraian, Kale Nagusira irten dira ohiko mobilizazioa egitera. Okendora iristean 1970ean "AEBtako emakumezko pobre eta beltz batek" idatzitako komunikatu bat irakurri dute,  Assata Shakur espetxean zegoela grabatu zuen Askapen Armada Beltzeko burkideei igortzeko. Bi arrazoirengatik aukeratu dute: batetik, apirilaren 17a Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izan zela gogorarazteko, eta bestetik, "munduko hainbat eta hainbat bazterretan zapalkuntza ezberdinei aurre egiteagatik preso dagoen pertsona guztiei gure babesa adierazteko".